Hezkuntza
-
Upload
hezkuntzaniraultza -
Category
Documents
-
view
79 -
download
0
Transcript of Hezkuntza
“Gero eta beharrezkoagoa dugu sistema kapitalistaren erreprodukzioarekin eten eta herriaren zerbitzura egongo den hezkuntza eraikitzea. Pertsona bezala eta herri bezala askatuko gaituen eredua behar dugu, hezkuntzan ere iraultza behar dugu.”
AURKIBIDEA 1. Formakuntza txostena (teoria)
• Sarrera
• Hezkuntza historikoki
• Hezkuntza gaur egun
• Hezkuntza eta sistema kapitalista
- Erreprodukzioa: sarrera
- Erreprodukzio ekonomikoa
- Erreprodukzio kulturala
- Erreprodukzio politikoa
- Erresistentzia automatikoa eta erresistentzia antolatua
2. Formakuntza txostena (praktika) • Erreprodukzioa gure ikastetxeetan
• Erresistentziatik IRAULTZARA!
Sarrera
Asko eta asko gara ikasleok. Asko eta asko dira hezkuntza formalaren prozesuan
gazteok pasatzen ditugun orduak, eta hala ere, hezkuntzak guri zer ematen digun jakitetik
haratago ezer gutxi dakigu hezkuntzari buruz. Askotan entzuten dugu oso garrantzitsua dela,
eta funtzio oso berezia jokatzen duela gizartean, baina guk ez dakigu zehazki zein den, oso
gutxitan jarri gara horren inguruan pentsatzen.
Asko izaten dira DBHn, Lanbide Heziketan, Batxilergoan, Unibertsitatean... ondo ez
daudela iruditzen zaizkigun gauzak, batzuk gure barnean gordetzen ditugu eta besteak
agerian uzten ditugu. Guretzat gordetzen ditugu asko eta asko, injustuak edo ezegokiak
direla iruditzen zaigu, edo ezertarako balio ez dutela, baina gure barnean geratzen dira,
horien inguruan dagoen isiltasun orokortuaren ondorioz. Beste aukerarik ez dagoela iruditzen
zaigu, oso zaila dela aldatzea, edo gehiago merezi duela horretara moldatzea, abilagoak eta
langileagoak egingo gaituelako. Azaleratzen diren arazoei dagokienez, ez dakigu zergatik
gertatzen diren, eta errua nork duen bilatzen saiatzen gara, ikasle mugimenduak bizi dituen
oztopo eta trabak irizpide pertsonal baten arabera erabakiko balira bezala.
Hori dela eta, alde batetik urte askotan zehar kontrolatzen ez dugun hezkuntza prozesu
bat bizi dugu, eta bere asmo eta ezaugarri positiboetan sinestuta gure geletan, gure
ikastetxeetan... erabakitzen ez diren edukiak ikasten ditugu, guk erabakitzen ez den modu
batean ebaluatuak gara, eta guk horrela izaterik erabaki ez dugun arren, gutako gutxi batzuk
ikasketa maila altuenak lortzen dituzten bitartean, gehiengoa bidean zehar “deskolgatzen”
joaten da, lortutako ikasketa mailaren araberako lanpostuak lortuz.
Eta beste aldetik, aurreko belaunaldiek indartsu pasa diguten ikasle mugimenduaren
erreleboa hartu eta gure ikastetxeetan gertatzen diren arazoak, ikasleon kezkak, irakasleen
jarrera autoritarioak, zuzendaritzaren figura eta bere aginduak, egin behar dugun lan mota
eta kopurua, ikasleon eskubideak ez errespetatzea, antolatzeko zailtasuna, gauza
alternatiboak egiteko oztopoak... bizi ditugu, eta ez dakigu zehazki zergatik gertatzen diren,
errua zuzendariari edo beste norbaiti botatzetik haratago.
Hori dela eta Gasteizko Ikasle Abertzaleok HEZKUNTZA HERRIARENTZAT! proiektua
abian jarri dugu. Proiektu honek hainbat helburu ezberdin ditu. Besteak beste, gaur egun bizi
dugun hezkuntza kokatuko dugu, sistema kapitalista-patriarkarra erreproduzitzeko balio
duela kontuan hartuz.
Proiektu honek helburu bezala herriaren interesei erantzuten dien hezkuntza lortzea du, klase-sexu-arraza ezberdintasunen erreprodukzioa eteten duena eta pertsona zein
herri bezala askatzea ahalbidetuko duena, jendarte eredu berri bat sortuz, ezberdintasun eta injustiziekin amaituko duena.
Proiektu honek atal ezberdinak ditu, eta aurrerago egingo ditugunak hezkuntzaren
eraldaketarako baldintzak lortzea eta eraldaketa hori eguneroko praktikaz aurrera eramatea
bada ere, lehenik eta behin oinarria lortu beharra dugu. Horri erantzunez idatzi dugu txosten
hau, Hezkuntza Herriarentzat! ulertzeko beharrezkoa den oinarrizko ideia batzuk
barnebiltzen dituena. Helburua hezkuntza eta bere funtzioak hobeto ulertzea da, eta irakurri
ahala ikaslea hausnarketa egitera eta irakurritakoa dudan jarri eta eztabaidatzera
gonbidatzen dugu. Denon artean deskribituko dugu oraingo hezkuntza eta denon artean
irauli eta eraikiko dugu berria.
Hezkuntza historikoki
Hezkuntza gaur egun nolakoa den, ze funtzio betetzen duen, funtzio hori betetzeko nola
antolatzen den eta guzti horretan ikasleok eta irakasleek zer egiten dugun ulertu ahal
izateko, ezinbestekoa da historian zehar hezkuntzak izan duen bilakaera argi izatea.
Modu berean, hezkuntzari ematen zaion garrantzia eta momentu bakoitzean
hezkuntzarengan gertatzen diren aldaketak zergatik gertatzen diren eta zer ondorio duten
ulertu ahal izateko historikoki hezkuntzak izandako bilakaera ulertu behar dugu.
Hezkuntzaren azken mendeetako bilakaera ulertzeko lau garai historiko aipatuko
ditugu: industria iraultza aurreko garaia (XVII), industrializazio garaikoa (XVIII), bigarren
mundu gerraren ondorengoa eta gaur egungoa. Horrela, garai bakoitzean gizartearekin
batera hezkuntza ere nola aldatu den azalduko dugu.
Industria iraultza aurreko garaia
Goi mailako hezkuntzaren aurrekariak batez ere, akademia greko klasikoetan eta
unibertsitate islamdarretan aurki ditzakegu (Córdova, Kairo, Bagdag…). Alabaina,
unibertsitateak, gaur egun ezagutzen ditugun bezala XII. mendean sortu ziren, Erdi Aroan.
Aurreneko hiru unibertsitateak Salermo, Bologna eta Pariskoak izan ziren. Inguruetako ikasle
andana batzen zuten irakasle taldeek korporazioak sortu zituzten. Lasterrera korporazio
hauek errege, obispo eta aita santuaren laguntza eta onura jaso zituzten eta baita, beraien
araudi eta estatututak definitu eta autonomia politikoa izateko aukera. Unibertsitatea,
mendeetan metatutako jakintzen irakaspenaren bidez (zuzenbide erromatarra, filosofia
grekoa, medikuntza arabiarra…) klase hegemoniko bat indartzeko helburuarekin sortu zen,
gidari edo buruzagi politiko eta ekonomikoak hezteko asmoz. Unibertsitateari egotzi zaion
funtzio historiko nagusia hauxe izan da hain zuzen: elite baten formazioa eta irizpide kultural,
erlijioso eta etikoen diseinua.
Goi mailako hezkuntza pribilegiatu gutxi batzuen esku geratzen zen bitartean, behe
mailako hezkuntza etxeko esparru ez-formalera mugatzen zen: familian bertan ikasten zen
oinarrizkoena, elizan balio moralak ikasten zituzten, hainbat etxetan herriko gazteak biltzen
ziren irakurtzen edo idazten zekien helduarekin, eta eskulangileek aprendizei ofizioa
irakasten zieten.
Industria iraultza
Industria iraultzan, ordura arte merkataritzan aritutakoek botere ekonomiko handia lortu
eta fabrikak sortzen hasi ziren, bertan, eskulangileak kantitate handitan produzitzen aritzen
ziren. Ordura arte nobleziaren esku egondako boterea etengabe aberastuz zihoan burgesiak
eskuratuko zuen, eta gaur egun ezagutzen dugun moduko estatu ereduaren aurrekaria
sortuko zuen bere interesak asetu eta bere besteekiko gailentzea bermatuko zuen sistema
antolatzeko helburuarekin. Besteak beste hezkuntzaren kontrola hartuko zuen estatuaren
bidez, ordura arte elizaren eta kasu batzutan nobleziaren esku egon zena.
Produkzio era berriari erantzuteko, hezkuntza jendarteari zabaltzea erabakiko zen, eta
neurri batean aurretik ez-formala izandakoa instituzionalizatzeko erabakia hartu zen. Horrela,
eskola txikiak (busgesiaren semeentzakoa) eta handiak (herriarentzakoak) sortu ziren.
Txikietan burgesiaren esku zeuden ezagutzak (iada zientifikoak izaten hasi zirenak),
jarrerak... irakasten ziren, jabe izateko beharrezkoak kontsideratuak zirenak. Bitartean, behe
mailakoan oinarrizko ezagutzak (baloreak, ohiturak, ezagutza zientifikoren bat...) eta
fabriketan lan egiteko beharrezko ezagutzak ziren irakasten zirenak (horregatik ez da
harritzekoa hainbat enpresariek haien diruz eskolak eraikitzeko hautua, gaurko hainbat
eskola pribaturen aurrekariak).
Makinak agertu ahala, makinak ulertzen zituzten hainbat langile beharko zituzten
fabriketan, eta horrela sortu ziren eskola politeknikoak, ondoren erdi mailako hezkuntza
izenarekin izendatuak izango zirenak. Horrela, beraz, behe mailako hezkuntza, erdi mailakoa
eta goi mailakoa egongo ziren. Modu honetan antolatutako hezkuntzaren bidez asko ziren
hezkuntza formalera sartzen zirenak, baina oso gutxi goi hezkuntzaraino heltzen zirenak,
burgesiaren semean izaten zirenak. Horretarako selekzio mekanismoak sortu ziren, eta
hasierako urteetan bereziki, ohikoena langile klaseko seme-alabek goi mailako ikasketak
ordain ezin zituzten preziotan jartzea izan zen.
II.mundu gerraren amaiera
Ordurarte, goi mailako jakintzak esku gutxi batzuetan bazeuden, garai hauetan lan
intelektualak inoiz izan ez zuen garrantzia hartu zuen industrian eta ondorioz gizarteko
esparru desberdinetan. II. Mundu gerraren amaierarekin, aurrerapen teknologikoek,
administrazio publikoaren hazkundeak eta lanbide komertzialen garapenak kualifikatutako
langileen beharra areagotu zuen. Unibertsitatea sistema kapitalistaren behar berrietara
egokitu beharra zegoen eta hori dela eta goi mailako hezkuntza masifikatu egin zen.
Hazkunde ekonomikoak inbertsio publikoaren gorakada ekarri zuen eta ondorioz
unibertsitateari zuzendutako aurrekontuak nabarmen hazi ziren. Ordurarte historikoki
baztertutako klase sozialek goi mailako hezkuntzarako sarbidea izan zuten (1950-1980).
Aldi berean, hezkuntza ertaina ere neurri handi batean espezializatuko zen: maila
bakoitzean eskuratu beharreko ezagutzak eta jarrerak zehaztuko ziren, eta horiek
ebaluatzeko metodoak orokortu. Ordura arte oinarrizko hezkuntzan eta ertainean
eskuratutakoak sistema legitimatzeko balio izan bazuen, garai honetatik aurrera apustu
askoz sakonagoa egingo zen horretan, hezkuntza prozesuan gora egiten zutenak jatorria
langile klaseetan izan arren, goi klaseen praktika kulturalak, eta historikoki eurei atxikitutako
ezagutzak eta mundu ikuskera barnera zitzaten.
Lehia eta indibidualtasuna izango ziren garai honetatik aurrera ikasleengan sustatuko
ziren jarrerak, eta hezkuntza prozesuan zehar bakoitzak egindako bidea izango zen bere
kokapen soziala legitimatuko zuena. Hori dela eta, sistemaren egitura mantentzeko
selekziorako mekanismoek indarra galduko zuten, eta goi hezkuntzara heltzeko zeuden
muga ekonomikoak ahulduko ziren. Horrela, “american dream” deiturikoan oinarritutako
gizartea sortzea espero zen, non indibiduoak, edozein izanin bere jatorria, exitua eta goraino
heltzea lortzeko aukera zuela sinesten zuen. Modu honetan urteetan zehar
XXI. mendeko hezkuntza
70. hamarkadako krisia sistema kapitalistaren berregituraketaren abiapuntu bezala
kokatu genezake. Irabazi industrialen gainbeherak politika neoliberalen agerpena ekarri
zuen: enpresa eta zerbitzu publikoen pribatizazioa, merkatuen desregularizazioa, estatuen
krisi fiskalaren ondorioz gastu publikoaren gutxitzea... Orokorrean aurreko fasean sortutako
ongizate estatuaren galera gertatu zen alderdi ezberdinetan.
Sistema kapitalistaren fase berri honek bi zentzutan eragiten dio goi mailako hezkuntza
esparruari. Alde batetik, zerbitzu publiko guztiak, baita hezkuntza ere, konkistatu beharreko
merkatu bezala identifikatzen dira, unibertsitatearen pribatizazioa helburu bilakatuz. Bestetik,
goi mailako hezkuntza merkatuaren ezaugarri berrietara egokitu beharra dago: Heziketa
jarraia, langile interdisziplinarrak, esklusibotasuna…
Aipatuta bi arrazoiak dira hain zuzen ere Bologna Prozesuaren oinarria.
Bestetik, eta ertainei dagokienez, hezkuntza prozesua sistema neoliberalari eta bere
beharrei erantzuteko birdiseinatzen da, eta sistema beraren erreprodukzioan* jartzen da indar
handiena. Orain arte momentuko egoera ekonomikoari erantzuteko estatuaren kontrola
izandakoek hezkuntzan aldaketa txikiak eragin ahal izan badituzte, orain hezkuntzak
gizartean duen erreprodukzio paperean sakontzea dute helburu: batetik bere funtzio
erreproduktiboa ahalik eta maila altuenean gerta dadin, eta bestetik hezkuntza merkatuaren
beharretara ahalik eta azkarren moldatu dadin.
Ondorioz, eta azken urteotakoa zein aurrerantzean datorkiguna kontuan hartuz, hau
litzateke gure panorama: alde batetik goi mailako hezkuntzara heltzen direnen kopurua
gutxitzea, bestetik unibertsitatea merkatuaren beharrei etengabe egokitzea (graduen
degradazioa, interdisziplinitatea, eta post-gradu zein masterretarako sarbidea gehiago
mugatzea), oinarrizko hezkuntza eta ertainean sistemaren erreprodukzioan sakontzea
(“hiritartasunaren” atzean ezkutatutako kultura eta baloreen zabalpena, eduki interesatuak,
taldekako lehian sakontzea…), eta bereziki batxilergora doan ikasle kopuruaren zati bat
lanbide heziketeta gero eta espezializatuagora bideratzea, gazteon artean lan prekariorako
hautua egin dezagun langabeziaren arazoaren aurrean.
Hausnartzekoa da politika neoliberalek proposatzen duten ereduak II. Industria iraultza
ostean hezkuntzak zuen banaketarekin duen antzekotasuna.
Errepaso historiko labur honek ondorio garbi batera garamatza. Elite politiko eta
ekonomikoek hezkuntza, historikoki beraien mesedetara moldatzen jakin dute. Sistema
kapitalistaren 200 urte inguruko existentzian hezkuntza merkatuaren beharrei egokitu zaio.
Zentzu honetan beraz, besteak beste bologna prozesua ez da fenomeno berri bat,
unibertsitatea sistema kapitalistaren egungo ezaugarri sozial eta ekonomikoei,
neoliberalismoari alegia, egokitzeko saiakera berri bat baino ez da. Modu berean ez da
harrigarria ikasleon eskubideak ez errespetatzea, hezkuntza eredu hau aldatzeko baldintzak
sortzen baititu eskubide hauek praktikara eramateak, eta beraz, arrisku bat da sistema hau
eta jendarte eredu hau inposatu nahi digun elite politiko eta ekonomikoarentzat.
Bukatzeko, egun indarrean den sistemaren inposaketari eta nazioarteko joera orokorrari
historikoki inperioek herrien gainean emandako zapalkuntza gehitu behar zaio. Inposaketa
horretarako hezkuntza derrigorrezko tresna izan da eta egun ere horrela izaten jarraitzen du,
eskolak berak herrien nortasuna desagerrarazteko eta arrotzak inposatzeko eremurik
egokiena eskainiz. Hau, erreprodukzio kulturalaren bidez gauzatzen da, kultura
menperatzaile eta arrotz baten eduki, ezagutza, balore...en irakaspenaren eta
barneraraztearen bidez. Honetaz asko dakigu euskaldunok, mendeetan zehar eskoletan
espainol eta frantses egiten saiatu direnean.* (*sakontzeko egoeraren azterketa 2012)
Hezkuntza gaur egun Historiako azken mendeotan hezkuntzak izandako eraldaketa behin aipatuta, hobeto
uler dezakegu gaur egun dugun hezkuntza, horrela antolatutakoa, nondik datorren eta noren
beharrei erantzuten dien, historikoki gertatu den bezala.
Aipatu bezala, azken urteotan pribatizaziorako joera da nabarmenena hezkuntza
formalean, baina hezkuntza ertainean erreprodukzioan sakontzen ari da, hezkuntzak alde
batetik merkatuen eta ekonomia kapitalistaren beharrizanei ahalik eta azkarren erantzun
diezaien, eta bestetik beharrizan horiek legitimatu eta kapitalismo globalizatuaren kultura
dominatzailearen baitan hezitako ikasle ereduak sor daitezen.
Hori dela eta, ezinbestekoa zaigu sistema kapitalista hezkuntzak nola erreproduzitzen
duen lehenik aztertzea, ondoren erreprodukzio hori Gasteizeko ikastetxeetan nola gertatzen
den azaldu ahal izateko.
Erreprodukzioa
Produkzio prozesu oro erreprodukzio prozesu bat da. Sistema kapitalistak ez ditu
bakarrik merkantziak eta plusbalia produzitzen, harreman kapitalistak ere produzitu eta
erreproduzitzen ditu, langileak eta kapitalistak produzitzen ditu.
Hezkuntzak garapen indibiduala, gizarte mugikortasuna eta jabetzarik gabekoek zein
babesgabe daudenek botere politikoa lortzeko aukera ematen duela esaten digute behin eta
berriz, baina gure eguneroko bizitzan ikusten duguna oso ezberdina da.
Erreprodukzioaren teoria garatu zutenen arabera hezkuntzak ideologia dominatzailea
erreproduzitzeko balio du, lanaren banaketarako beharrezkoak diren ezagutza formak eta
trebetasunen banaketa erreproduzitzen ditu. Beraz, ikuspegi horretatik begiratuta, eskolak
estatua eta ekonomiarekin duten erlazioaren arabera ikusi behar dira. Bertan, alde batetik
erreprodukzio soziala (klase banaketa erreproduzitzea) eta kulturala gertatzen dira, eta
bestetik sistema kapitalistaren praktika sozial dominanteak legitimatzen eta babesten dira.
Hezkuntza porrotaren arazoaren aurrean errua ikasleak duela esan beharrean errua
gizarte dominanteak eta honen praktikek daukatela diote, jendartean presente dauden klase-
sexu-arraza ezberdintasunak eskolan ere presente daudelako, eta hauen mantenuan
eskolek paper zentrala jokatzen dutelako.
Liberalek gaur egungo hezkuntza berdintasuna lortzeko agentea dela dioten arren,
errealitatean gizarte honetan jokatzen duen papera beste bat da.
Klase sistema batean bizi garela izan behar dugu erreferentzia bezala lehenik, eta
hezkuntzak gizarte honetan integratzen gaituela entzutean klase sistema batean integratzen
gaituela, horregatik argi izan behar dugu berdintasunezko etorkizun baterako baino,
ezberdintasunezko gizarterako prestatzen gaituela. Hori dela eta, hezkuntza prozesuaren
bidez ikasleek barneratzen dituzten rolak eta gizartean izango dituzten kokapenak inpartzialki
betetzen ez direla argi izan behar dugu, sistemaren beharrei erantzuteko modu konkretu
batean betetzen direla, rol konkretu batzuk barnerarazten zaizkiola ikasleari, eta ikasleak
gizartean orden kapitalistaren arabera kokatzen direla.
Horrela, eskolek inozentzia politikorik ez dutela argi izan behar dugu, ez direla gune
“neutroak”, eta logika kapitalistaren alde kultural eta sozialarekin lotu behar ditugula.
Hezkuntzak sistema hiru zentzutan erreproduzitzen du:
1. Klase eta talde sozial ezberdinei klase-sexu-arrazen arabera estratifikatutako lan
munduan “kokatzeko” jakin beharreko ezagutza eta trebetasun berezituak ematen
dizkie.
2. Zentzu kulturalean: kultura dominatzailea eta bere interesak osatzen dituzten
balore, hizkuntza, ohitura, jarrerak... zabaldu eta legitimatzeko balio du.
3. Eskolak estatuaren botere politikoaren inperatibo ekonomiko eta sozialak
produzitu eta legitimatzen dituen estatu aparatuaren parte dira.
Beraz, hezkuntzak gizarte honetan duen papera ulertzeko, honako alderdi hauek
ezagutu behar ditugu: hezkuntzaren eta lan munduaren arteko harremana, klase ezberdinek
hezkuntza prozesuan egiten dituzten errekorrido ezberdinak eta talde sozial bakoitzak dituen
aukeratzeko aukerak, eskolako kultura eta klase ezberdinen kulturen arteko erlazioa, eta
estatuaren funtzio ekonomiko, ideologiko eta errepresiboek eskolan nola eragiten duten.
Beraz, hezkuntzak egiten duen erreprodukzioa aztertuko dugu, baina aldi berean
erreprodukzio horretan ikasleak jokatzen duen papera ikusiko dugu, eta erresistentziarik
dagoen aztertu. Hainbat alderdi ikusiko ditugu:
• Erreprodukzio sozial eta kultural mekaniskoak inoiz ez dira osoak, inoiz ez dute
bere helburua %100ean lortzen, eta oposizioa aurkitu ohi dute. Ikasleak batzutan
eskolen alderdi zapaltzaileenen aurka altxatzen diren arren, modu jarraiean parte
hartu ohi dute oposizio jarrera aktibo bat izaten, kasu askotan klase subordinaziora
eta bazterketa politikora eraman ohi ditunena (adibidez, irakasleen aginduei uko
egiten dietenak hezkuntza prozesutik kanpo geratu ohi dira derrigorrezko hezkuntza
amaitzerako, eta behe klaseen artean kokatu ohi da, lortuko duen lanagatik, eta
bertatik izango duen eragiteko botere politikoa oso urria izango da).
• Ikasleak ez dira kapitalaren produktuak, ez dira irakasleen eta beste autoritateen
esanetara beti egoten, lan anikilatzaile baterako prestatzen dituzten bitartean.
Kontraesan ideologiko eta estrukturalez (botere harremanak adibidez ikasle,
irakasle eta zuzendarien artean) betetako “konfliktu” guneak dira eskolak, eta
ikasleok era kolektiboan jasaten ditugu gune horren eraginak.
• Erreprodukzioa eragiten duen curriculum izkutua, kultura dominatzailea
erreproduzitzen duena, azpikultura eta kontrakulturekin lehian egoten da eskoletan,
eta noski, enfrentamendu hau botere harreman oso asimetrikoak dituen eremuan
gertatzen denez, klase dominatzaileak izaten dira irabazle ia beti. Hala ere, oso argi
izan behar dugu erresistentzia hor dagoela, eta hor egongo dela klase-sexu-arraza
bidez zapalduak izaten jarraitzen dugun bitartean.
Erreprodukzio ekonomikoa
Erreprodukzio ekonomikoa ulertzeko, bi galdera izan behar dira buruan: ze funtzio du
hezkuntzak gizarte barruan? eta nolatan dute eskolek hain eragin nabarmena ikasleen
ideologia, izaera eta beharrizanetan?
Erreprodukzio ekonomikoa definitzen hasteko aipatu behar da botereak menperatzaile-
menperatu arteko harremanak sortzeko eta hauek legitimatzeko balio duela. Modu horretan,
boterea talde menperatzaileen eskuetan dagoen jabetza da, eta kapitalaren metatze eta
hedatze interesak asetzeko beharrezkoak diren klase-sexu-arrazen araberako
desberdintasunak erreproduzitzeko erabiltzen da. Hori dela eta, eskolak ulertu ahal izateko
lan munduak eurengan dituen eragin estrukturalak aztertu behar dira.
Besteak beste lan munduaren eta klase ezberdinen arteko harremanak ezaugarritzen
dituzten hierarkikoki antolatutako baloreak, arauak eta gaitasunak oso presente egoten dira
gela barruko harremanetan. Gelako harreman horien bidez hezkuntzak ekonomia
kapitalistaren inperatibo sozial eta ekonomikoak onartzeko beharrezkoak diren jarrera eta
gaitasunak barnerarazten dizkio ikasleriari. Adibidez ikasleak gizartearentzat nanoteknologia
eskultura baino askoz garrantzitsuagoa eta beharrezkoagoa dela izango du buruan, gaur
egungo komertzioak garrantzi handia ematen dielako teknologia berriei, benetan hain
beharrezkoak ez diren arren.
Modu horretan, kapitalismoak neurri handi batean hezkuntza eta honetatik sortutako
esperientziak bideratzen ditu, klase-sexu-arraza ezberdinetako ikasleei gaitasun, jarrera eta
balore ezberdinak barneraraziz. Adibidez neskei eta mutilei bizitzarako espektatiba
ezberdinak barneraraziko dizkie, haien ikasketak, lana, etxean duten jarrera, lagunekin
dutena... guztiz baldintzatuko dituztenak. Izan ere, eskolek lan banaketa islatzeaz gain,
gizartearen baitan dagoen mailaketa osoa islatzen dute ere. Kapitalismoaren arlo
ekonomikoaren eta hezkuntzaren arteko lotura curriculum ezkutuen bidez egiten da.
Curriculum ezkutuak logika eta arrazionaltasun kapitalistaren ezaugarriak diren lanaren
inguruko ikuspuntua, autoritatea, arau sozialak eta baloreak ikasleei barnerarazteko funtzioa
duten mezu espezifikoak dira, geletan ematen diren harreman sozialen bidez barnerarazten
direnak (harreman hauek ikasle-irakasle harremanak, nota ezberdinak ateratzen dituzten
ikasleen arteakoak, gustu berdinak dituztenen artekoak...). Mezu hauek daukaten botere
maila altua dute, bereziki geletan ematen diren harremanen inguruan dagoen isiltasunaren
ondorioz euren ezaugarriak unibertsaltzat hartzen direlako (“horrelakoa da leku guztietan”
edo “ezin da beste era batera izan” ikuspegiak, esaterako ikasle-irakasle arteko botere
harreman ezberdintasunak).
Bestetik curriculum ezkutuek ikasleen subjektibotasunaren eraikuntzan berebiziko
eragina dute: ikasleek bizi dituzten esperientziak (kontziente edo inkontzienteak) ulertzeko
era bat ala bestea izatea eragiten dute, horrela ikasle bakoitzaren izaeran eta mundu
ikuskeran eragin nabarmena izanez. Adibidez, curriculum ezkutuaren bidez ikasleak
ezagutza motak (intelektualak / manualak), gizartea antolatzeko moduak (hierarkiak /
demokrazia), pertsonen artean elkar-eragiteko moduak (lehia / kolektibismoa)...
hierarkizatuta ikusiko ditu, eta estatus ezberdinak emango dizkio (adibidez estatus altuagoa
emango dio lehiari, ezagutza intelektualari edo gizarte hierarkizatuari eta uste izango du
beharrezkoa dela).
Hezkuntzak, beraz, kapitalismoaren alderdi ekonomikoa erreproduzitzen du, baina hori
bi zentzutan egiten du:
• Lan indarraren gaitasunak eta arauak erreproduzitzen ditu.
• Produkzio harremanak erreproduzitzen ditu.
Lan indarraren gaitasunak erreproduzitzeko ikasgaien edukiak eta curriculum
ofizialetan agertzen diren ezagutza eta gaitasunek balio duten bitartean (ikerketara
bideratutako ezagutza biologikoak adibidez, baina kimikako esperimentu baten ondoren
emaitzak nola interpretatu ikastea ere), lan indarraren arauak eta produkzio harremanak
erreproduzitzeko, jarrerak, baloreak, eta bereziki ideologia dira barneratu behar direnak.
Bigarren hauei dagokienean, lehenik eta behin aipatu behar dena da kasu gehienetan
erreprodukzio hau ikasle eta irakasleen “bizkarretara” gertatzen dela, hau da, eurak
kontziente izan gabe (edukiek lan munduan balioko digutela argiago dugun bitartean). Kasu
gehienetan ideologiak berebiziko papera jokatzen du barneratze horretan.
Ideologiak gure egunerokotasunean egiten ditugun ohitura, errutina eta praktiketan
dauka bere alde materiala. Zentzu horretan, ideologiaren alde materiala adibidez eskoletako
eraikuntzen arkitekturan ageri da nahiko era argi batean: gela separatuek, bulegoek eta
patioek lanaren banaketa soziala berretsi baino ez dute egiten (irakasle, ikasle, idazkari edo
zuzendaritzako kide izatearen arabera, bakoitzari tokatzen zaion espazioa era ezberdin
batean antolatzen da). Horren adibide dira ere edozein klaseren mahaien antolaketa, zeinek
dakien eta zeintzuk ikasten ari diren, zeinek agintzen duen eta zeintzuk moldatzen diren argi
uzten duena. Eskolak ezinbestekoak dira gizarte dominantea mantentzen duten ideologien
transmisioan.
Hala ere, goi klaseen ideologia ez da besterik gabe barneratzen, eta batez ere
derrigorrezko hezkuntzako kurtsoetan erresistentzia jaso ohi du behe klasekoen seme-
alaben partetik. Hori dela eta, beharrezkoa da aipatzea erreprodukzio ekonomikoa ez dela
inoiz erabatekoa, eta eskolak antagonikoak diren klaseen arteko harremanetan jatorria duten
ideologien konfliktu gune bat direla. Oso garrantzitsua da argi izatea ikasle kritikarako zein
erresistentziarako beharrezkoa den oinarri bat eskoletan ikasten ditugun ezagutzen eta
bertan egin ahal ditugun praktikei (bizipenei) esker lortzen dugula, baina ekintza horretarako
oinarri historiko eta materiala eskola instituzioetatik kanpo, esfera publikoetan bizi dugun
oposizio eta gatazka sozial ingurunetik lortzen dugula. Adibidez, eskolan irakasle
konkreturen baten iniziatibaz Euskal Herriko historia ikasi dezakegu, baina gure herriaren eta
Estatuen arteko gatazka ez da eskola barnekoa. Hala ere gatazka hori ulertzeko eta mundu
ikuskera kritiko bat garatzeko beharrezkoak diren hainbat gaitasun eta ezagutza eskolan
eskuratzen ditugu (adibidez irakurtzen jakitea, gertaerak interpretatzen jakitea...).
Hori dela eta, ikasleon kontzientzia eskolan eta lan eremuan soilik formatzen ez dela
argi izan behar dugu, eta horietaz gain bereziki familia ingurunean, auzoan, herrian eta
gazteok bizi ditugun kulturen bidez (bai masen kulturaren bidez zein klase kulturen bidez)
formatuak garela etengabe. Ikuspuntu honekin jarraituz ikus dezakegu, beraz, klaseak ez
direla bakarrik lan eremuaren araberako gailentze eta menperatze estrukturalen ondorioz
sortzen, kulturaren arabera ere sortzen direla.
Hori dela eta, behe klaseko jatorria dutenen partetik askotan liburuen bidezko
ikasketari, eta horrekin erlazionatutako beste edozein ikasketari uko egiten diete, eskolan
jarrera subertsibo bat izan eta eskuzko lana atsegin izatearen alde, baina hori eginez kultura
kritikorako gaitasuna garatzeko aukera galtzen dute, bere askapen pertsonalerako
ezinbestekoa izan ahal zena.
Oro ar erreprodukzio ekonomikoaren inguruko azterketa egiteak ekarpen hauek egiten
dizkigu:
• Eskola eta lan munduaren arteko erlazioa zehaztea (eta hezkuntzak lan
banaketa sortzeko jokatzen duen papera)
• Liberalen isiltasun estrukturatuaren aurrean hezkuntzak klase eta botere
inperatiboen erreprodukzioan jokatzen duen paper garrantzitsua agerian uzten
du (curriculum ezkutua)
• “Biktimak errua duela” dioten ezberdintasunen inguruko ikerketen aurrean
porrota instituzioek bilatzen duten eta gizarte kapitalistaren mailaketa sozialerako
beharrezkoa den zerbait dela agerian uzten du.
• Azkenik erreprodukzio ekonomikoa erabatekoa ez dela agerian uzten du, eta
honen aurrean batetik behe klaseko jatorria dutenen partetik erresistenzia
jasotzen du, eta bestetik ikasle kontzientziatu edota antolatuena, kasu
bakoitzean ondorio ezberdinak izanda.
Erreprodukzio kulturala
Erreprodukzio kulturala ulertu ahal izateko, hau aztertuko dugula argi izan behar dugu:
kulturak jokatzen duen papera klase gizarteen, sexu ezberdintasunen eta herri/nazio
gatazken erreprodukzioan.
Horretarako, gizakiak eta estruktura menperatzaileek euren artean duten harremana
aztertu behar dugu. Hori eginda kontura gaitezke ez dagoela menperakuntza aparatu zentral
bat, eta menperatuek eurek ere euren zapalkuntzan parte hartzen dutela. Horrela,
zapalkuntza kulturala zuzenki erlazionatua dago eskolan zabaltzen diren ezagutzekin, eta
azken hau ikasle bakoitzak biziko dituen esperientzia pertsonalekin.
Eskolek ez dute soilik gizarte dominatzailea islatzen. Eskolak instituzio erlatiboki
autonomoak dira, instituzio ekonomiko eta politiko boteretsuenen zeharkako eragina jasotzen
dutenak. Gaur egungo eskolek (industrializazio garaikoak ez bezala) ez dute zuzeneko
eragina jasaten elite ekonomikoen boterearengandik eta ez dute explizituki dozilitatea eta
zapalkuntza inposatzen: gizartean existitzen diren botere harremanak, garai batean indarrez
ezarriak izan zirenak (hori ahaztarazi nahi den arren), erreproduzitzen dituzte. Horrela,
kultura dominatzailea produzitu eta ikasleen artean zabaltzen dute, egiten duten hori “kultura
izatea” edo “hezia izatea” dela barnerarazten diguten bitartean.
Bordieu-k zioen klasetan banatutako gizartea “indarkeria sinbolikoa” deitzen zuenaren
bidez erreproduzitzen dela. Indarkeria sinbolikoa klase dominatzaileek botere sinbolikoen
bidez jendarteari haien interesak asetzeko beharrezkoa den mundu ikuskera konkretua
barneraraztea da. Adibidez erdi aroan hezkuntza elizak kontrolatzen zuen eta erlijio
kristauaren bidez mundua ikusteko modua barnerarazten zen, gaur egun mundu ikuskera
hori gizarte kapitalistan zabaldua dagoena da (zientifikoa, lehiakorra, indibidualista, garapen
itsuan sinesten duena...). Askotan eskoletan kultura baliotsu baten transmisioa
inpartzialitatearen eta objetibitatearen izenean gertatzen denean mundu ikuskera
dominantea zabaltzen ari da (adibidez, historia klase “inpartzialak” garaileen historiaren
kontakizuna dira, errege, enperadore eta estatu boteretsuenak: esate baterako “Colonek
Amerika aurkitu zuen, eta kultura zabaldu zien”).
Hori dela eta eskolak ez dira neutralak, baina ez diote sistemaren behar ekonomikoei
bakarrik erantzuten. Are gehiago, independentziaren eta neutraltasunaren izenean betetzen
dituzte kanpo exigentziak, betetzen dituen funtzio sozialak ezkutatuz, eraginkortasun
handiagoz bete ahal dituztelako.
Eskoletan transmititzen den kultura gizartea osatzen duten kulturekin dago
erlazionatua: kultura dominatzailea eta bere oinarrien gainean eraikitako azpikulturak
baieztatzen dituen bitartean (ugaritasun irudia emanez), bere eskuetatik kanpo geratzen
direnak eta kontrakulturak ezeztatzen ditu. Adibidez E.H.-ren historia eta bere mapa osoaren
existentzia ukatzen ditu (Nafarroan lege bidez ta guzti). Klase bakoitzeko familiak
transmititzen dituzten elementu kulturalek, hizkerak... kapital kulturala osatzen dute. Eskolek
kultura dominatzailearen kapital kulturala transmititzen dute batez ere, hori dela eta, kapital
kultural dominatzailearekin lotura mehea duten familietako seme-alabak ezabantaila argian
aurkitzen dira hezkuntza prozesu formalean (esfortzu handiarekin berenganatu behar dute,
goi klasekoen semeei txikitatik emana izan den bitartean). Hau ikasleen arteko selekzioa
egiteko metodo bat da aldi berean, jatorria behe mailan duten ikasleek goi mailako ikasketak
burutzeko muga jartzen duena.
Horrela boterearen eta kulturaren arteko harremana argi geratzen da, eta horrela uler
daiteke historian zehar garai bakoitzean eta gaur egun zer dagoen lehentasuna eta garrantzi
handiena ezagutza mota konkretu batzuek dutela erabakitzearen atzean. Ezagutza hauek,
klase dominatzailearen interesak eta baloreak zabaltzaz gain, langile klasearentzat, talde
minoritarioentzat, feministentzat... (boterea ez dutenentzat) garrantzizkoak diren ezagutzak
ezeztatu eta marginatu ohi ditu. Hori dela eta kultura dominatzailea ez diren kulturak ez dira
ezberdin eta pareko bezala ulertzen, ezberdin eta gutxiago bezala baizik. Bitartean kultura
dominatzailearen hizkera, gorputzaren postura, erlazio sozialak (ahots baxua, tono ez-
interesatua, kontaktu fisiko eskasa...) eta oro ar kapital kultural dominatzailea oso barneratua
duten ikasleak (ondoren askotan erdi eta goi klaseak osatuko dituztenak) pribilegiatu bezala
tratatuak dira hezkuntza sisteman.
Aurretik aipatu dugun bezala, kultura dominatzailearen jarreren, baloreen eta ohituren
transmisioa ez da explizituki gertatzen, gehienetan inplizituki gertatzen da: horretara
bideratutako pedagogia baten bidez, ulermen kontzientetik haratago doan ikasketaren bidez,
hezkuntza kapaza da ikasleei etika bat, mundu ikuskera bat, filosofia politiko bat...
barnerarazteko “ez hartu goilara ezker eskuarekin” edo “egon zuzen” bezalako agindu
insignifikanteen bidez.
Gazteleraz “cortesía” deitzen den horrek adibidez, argi eta garbi erakusten ditu
sailkapen sozialak, sexu, belaunaldi, klase... arteko hierarkiak eta abar, printzipioz “cortesía”-
ri lotutako jarrerak, hizkuntzak... explizituki ezer esan nahi ez duten arren.
Baina gizartean dauden talde menperatuek (boterea ez dutenek) ere euren produkzio
kulturala aurrera eramaten dute, eta erreprodukzio kulturalarekin harreman konplexu batean
bizi dira: erresistentzia, asimilazio eta erosotze harremanak. Hori dela eta kultura klase-sexu-
arraza-herri ezberdintasunak mantentzeko, eta aldi berean oposizio, erresistentzia eta
aldaketaren aldeko borroka sortzailean dago murgilduta. Kultura bakoitzak jendartearen
partetik duen legitimitate, hedapen eta boterearen arabera, tendentzia bata edo bestea
gailentzen da.
Bestetik aurretik aipatu izan dugu ikasleriari kultura dominatzailearen barneratzea
inposatzen zaiola, eta honek bere zapalkuntzan parte hartzen duela. Bai, hori horrela da,
baina aldi berean ikasle, irakasle, guraso...ek ikasleei barnerarazi nahi zaizkien balore,
ohitura, jarrera, ezagutza... horiek haien interesen kontrakoak direla sentitzen dute askotan,
eta batzutan euren kontra azaltzen dira publikoki, beste batzutan ordea, hauetara ohitzen
dira, eskolako autoritaten presioak bultzatuta. Kultura dominatzaileak duen hegemonia ez
datza bere onarpenaren inposizioan, bere aurkako jarreren, oposizioen eta alternatiben
prebentzioan baizik (horretarako diseinatutako mekanismoen bidez, adibidez, ebaluatzeko
irizpideak –azterketa bidezkoa izatea- zehazten dituzten arautegiak). Beste adibide bat
aipatzeagatik hezkuntza prozesuan zehar, baina bereziki batxilergo 2. mailan eta
unibertsitatean inposatzen den ikaslearen full time eredua da, zeinetan ikaslearen eguneroko
denbora edukiz eta lanez betetzen den, lan intelektual gainkarga izatea (estresa...) eta beraz
beste kontu batzutan pentsatzeko aukera (eta gogo) handirik ez izatea bilatzen duena.
Modu berean eskolak ez dira soilik ideologia dominatzailea erreproduzitzen duten
institiuzio estatikoak: bere eraikuntzan aritzen diren agente aktiboak dira. Adibidez, kultura
dominatzailearen oinarrien gainean eraikitzen diren eskola jaiak, larunbateko kirolak, eskola
arteko jaiak, lanbideen sare konplexua, teknologia berrien erabilera gero eta gauza
gehiagorako... garatzen dira eskolen bidez.
Aipatu behar da bai kultur dominazioak zein erresistentzia eta eraldaketak izaera
aktiboa dutela, hau da, dominazioa ez dagoela berez ezarria eta mantendua inolako
esfortzurik gabe, eta egunerokotasunean bere gailentzea mantentzeko tresnak eta
bitartekoak erabili behar dituela. Modu berean, erresistentzia eta iraultza kulturala ez dira
dominazio estatikoaren ondorioz sortutako erreakzioak: gizarte mailakatu honek sortzen
dituen ezberdintasunen ondorioz kontrajartzen diren kulturen arteko konfliktuan,
eraldaketaren aldeko presio etengabean aritzen diren pertsonen jarrera, balore, ohitura, eta
ezagutzak dira. Adibidez, Nueva York-eko ikastetxe batean klase ertainaren kultura
barneratua duten ikasleak modu pribilegiatu batean tratatzen badituzte, bere garaian hori
lortzeko euren gurasoek (gehienak klase baxuetakoak) eta komunitateak borrokatu zuelako
da. Bertako klase ertainen kulturaren gailentzea, beraz, kasu honetan borroka politikoaren
bidez lortutako zerbait da.
Amaitzeko, esan behar da botereak gorputzaren ekintzetan, familian, sexualitatean,
hezkuntzan bertan... duela eragina, eta beraz, botere harremanak burutik haratago ere
gauzatzen direla. Hori dela eta, dominazioa objetiboa den zerbait da, eta hori hezkuntzari
buruz hitz egitean ezinbestekoa da presente izatea. Adibidez, klase pribilegiatuek
denborarekin duten erlazioaren ondorioz beraien geroarekin izango duten harremanaren
plangintza egiteko aukera dute. Klase baxukoak, ordea, askotan mugatzen dituzten baldintza
ekonomikoen ondorioz beraien planak epe motzerakoak egin behar izaten dituzte. Horrek
adibidez berebiziko eragina dauka ikaslearengan: eskolara joan ahal den ala ez, klase
guztietara joan ahal den, etxean zenbat lan egin dezakeen, ikasi bitartean lan bat izan behar
duen... Beraz, ideologiaz gain, oinarri material baten beharra oso argia da.
Erreprodukzio hegemoniko-estatala
Dominazioaren inguruan egiten den edozein azterketetarako ezinbestekoa da horretan
Estatuak duen papera ulertzea. Hezkuntza eraldaketa ezin da ulertu bakarrik lan
prozesuetan dagoen kapitalaren dominioa edo dominazio kapitalistaren kultura bidezko
erreprodukzioa kontuan hartzen badira. Bi hauetaz gain herrialde kapitalista aurreratuetan
ezberdintasun estrukturalak sortzen dituzten hirugarren faktorea hartu behar da kontuan:
Estatuen hezkuntza politika interbentzionistak, hezkuntzaren erreprodukzio funtzioak
egituratu eta forma emateko balio dutenak.
Beraz, erreprodukzio hegemoniko-estatala ulertzeko lehenik ulertu behar dugu Estatuak
klase-sexu-herri/nazio konfliktu guneak direla, eta sistema kapitalistak bertan duen
hegemonia dela estatuak kapitalisten interesei erantzuteko antolatua egotearen eta bere
kultura dominatzailea erreproduzitzearen zergatia. Hori dela eta, lehenik estatua eta
kapitalismoaren arteko erlazioa azalduko dugu orokorki, eta ondoren estatua eta
hezkuntzaren artekoa.
Estatua eta kapitalismoa
Estatuari buruzko azterketa egiteko klase, sexu eta herri/nazio arteko harreman
asimetrikoak eta klase altuen hegemoniaren praktika (ekonomikoki, kulturalki eta politikoki)
oinarritzat izan behar dugu. Hegemonia modu dialektikoan ulertu behar da gizarte
kapitalistako Estatua ulertzeko, uneoro aldatzen ari den indarra eta kontsentsuaren arteko
nahasketa bezala. Hegemonia (Gramsci-ren arabera) bi zentzutan ulertu behar da:
Lehenengoak dominazio prosezu bati egiten dio erreferentzia, zeinen bidez klase
agintariak beste klase aliatuen gaineko kontrola egiten duen (lidergo intelektual eta
moralaren bidez). Hau da, klase agintarien arteko aliantza sortzen da duten boterearen eta
klase batek besteen interesak bere propioen barnean artikulatzeko duen gaitasunaren
ondorioz. Horrela, talde aliatuen arteko mundu ikuskera komunak artikulatzeko balio duen
eraldaketa pedagogiko eta politikoa da hegemonia. Bigarrenak klase menperatzaileen eta
menperatuen arteko harremanak erreproduzitzeko indarraren eta ideologiaren erabilerari
egiten dio erreferentzia.
Hegemonia, beraz, etengabe eta aldi berean kontzientziaren eraketa jarraia eta
kontzientziaren gaineko kontrola izateko borroka barnebiltzen dituen prosezu sortzailea da.
Hori dela eta, ezagutzen produkzioa esfera politikoarekin oso lotuta dago, eta oinarrizko
baldintza da Estatuaren boterearen eraikuntzan.
Estatuak ez ditu klase menperatzaileen ideiak klase menperatuen buruetan sartzen.
Estatua ekintza teoriko eta praktikoen multzo zabal bat da, aldi berean bere gailentzea
justifikatu eta mantentzen duena eta gobernatzen dituen horien adostasun aktiboari
irabazteko gai dena.
Liberalen arabera estatua estruktura neutral bat da, administratiboa, jendartearen nahi
eta behar orokorren arabera funtzionatzen duena. Haien arabera estatuak giza
garapenarekin batera eboluzionatzen du, klase eta sektoreen interesen gainetik (hori da gaur
egungo telebistako diskurtsoa, interes sektorialak alde batera uzteko, estatuak interes
orokorrei erantzuten diela, bitartean kontrakoa egiten duten arren, haien interesei “denen
interes” deitzen dietelako).
Klaseen banaketaren inguruan antolatutako harremanen inguruan eraikia, Estatuak
klase dominatzaileen interes ideologiko eta ekonomikoak adierazten ditu, instituzio
errepresibo zein legitimatzaileen bidez. Estatuak harreman mota ezberdinak antolatzen ditu
produkzio kapitalista eta horrek dakarrena zerbait naturala balitz bezala ikusteko.
Estatua konfliktu eta kontraesanez osatutako agentez osatutako erakundea da (eskolak
barne), eta hori dela eta klase-sexu-arraza-herri/nazio ezberdintasunak bere baitan bizi
dituen modu berean klase dominatzaileen arteko ezberdintasunak ere bizi ditu.
Azken hau aipatzeko modukoa da, izan ere, Estatuaren barnean hegemonia duten
klase dominatzaileen artean kontrol soziala edo kapital metaketaren inguruko ikuspuntu
ezberdin eta elkar lehiakorrak egoteak gizartea antolatzeko era kapitalista legitimatzen du.
Hau da, klase dominatzaileak elkarren artean borrokatzen ibiltzen dira gastu militar
kopuruagatik, zerbitzu sozialetako gastuen murrizketengatik... baina produkzio kapitalistaren
oinarrizko harremanak inoiz ez dituzte kuestionatu ere egiten. Antzerki itxura duen hau
politiko ezberdinen arteko hauteskunde kanpainetako diskursoetan argi eta garbi ikusi
dezakegu. Horrela demokrazia eta pluraltasunaren ideiak zabaltzen dituzte, eta etengabe
diktadurekin konparatzen dituzte, Estatu modernoak askatasunaren eta berdintasunaren
adierazle goren balira bezala, errealitatean klase dominatzailearen barneko taldeen arteko
gatazka txikien azpian dagoen oinarrien gaineko kontsentsuak oinarrizko mundu ikuskera
bakarra inposatzen eta zabaltzen duen bitartean.
Estatuak klase dominatzaile nagusi batekiko duen autonomia erlatiboa, beraz, horretan
oinarrituko litzateke: ez elkarren kontrako diskurtso horietan, sistema kapitalistaren oinarrien
inguruan dagoen isiltasun estrukturatuan baizik (hezkuntzan gertatzen den bezala, bere
funtzioen inguruan hausnartzean). Ezberdintasunen mailaketa soziala mantentzen duen
gizarte kapitalistaren oinarrien gainean, ikuspuntu ezberdinak egotearen ondorioz (etekinak
ekartzen dizkieten eta haien kulturaren gailentzea bermatzen duten oinarriak mantendu
arren), estatuak ez ditu explizituki klase baten interesak defendatzen, sistema kapitalistaren
barnean koka daitezken kideenak baizik. Modu horretan indirektuki klase menperatzaileen
interesak asetzen ditu (≠ defendatu), menperatuen legitimitatea jasotzen du, eta sistemaren
biziraupenerako tresna oso garrantzitsua bilakatzen da.
Hori dela eta esan dezakegu Estatuak funtzio bikoitza duela sistema kapitalistarekiko:
kapitalaren beharrak asetzeko balio du (adibidez lan indarraren erreprodukziorako
beharrezkoak diren langile, ezagutza, gaitasun eta balore fluxua ematen ditu), eta aldi
berean klase dominatuen onespena irabazteko betebeharra du. Azken hau kapital metatze
prozesurako beharrezkoak diren baloreak eta harreman sozialak legitimatuz egiten du: bai
harreman horien ondorioz etekinak nork ateratzen dituenaren inguruan isiltasun estrukturatua
mantenduz, zein edozein kritika edo alternatiba serioren aurrean hauek marginatu edo
deskalifikatuz (kriminalizazioa barne). Are gehiago, Estatua klase-sexu-herri menperatuen
onespena lortzen saiatzen da honako hiru emaitzei erreferentzia eginez: ekonomikoa
(mugikortasun soziala, “American Dream”), ideologikoa (eskubide demokratikoak) eta
psikologikoa (zoriontasuna).
Funtzio horien arabera Estatuak historikoki egin dituen bi praktika aipatu behar ditugu:
• Historiaren “berridazpen” jarraia, estatu barneko harreman aldakorrak izan
direnak naturaltzeko, “edozein” zibilizaziok behar duen “estruktura instituzional
optimoa” dagoela eta beti egon dela aldarrikatuz eta sinestaraziz.
• Estatu forma alternatibo oro marginatu (apurtu, ukatu, erridikulizatu, diluitu,
“lagundu”...), bereziki gizarte egitura ezberdin bat ezartzeko kapazak direnak,
edo are gehiago, maila internazionalean klase-sexu-arraza-herri/nazio
zapalkuntza jasaten dutenen arteko elkartasunezko harremanak sortzeko
kapazak direnak.
Harreman kapitalisten inguruan Estatuak ematen dituen hitzen eta errealitatearen
arteko kontraesanak ordea oso argiak dira, eta horietako asko eta asko hezkuntzarekin
zuzenki erlazionatuta daude, hezkuntzak ere horretan parte hartzen baitu. Adibidez askotan
eskolek mugikortasun sozialaren ideia bultzatzen dute (gizarte mailaketan gorantz edo
beherantz mugitzea), langabezi tasa oso altuekin eta espezializazio maila altukoa izanda lan
prekarioetan lanean ibili behar diren langile gazte kopuru gehiegizkoarekin talka zuzena
egiten duena. Are gehiago, lanaren etikaren ideologia kontraesanean sartzen da gero eta
hedatuago dagoen lan errutinario eta enajenatzailearekin. Gainera maila altueneko
“beharren” asetzearekiko erakarpen kapitalista, aisialdiaren, edertasunaren eta
zoriontasunaren eskuratu ezinezko irudiekin dago lotuta, eta horiek ez lortzeak askotan
frustrazioa eragiten du.
Beraz, aipatutako guztia barnebilduz, Estatuari buruz hauek izan behar ditugu kontuan:
• Estatua ez da klase dominatzailearen atal baten tresna, eta ez da sistema
ekonomikoaren beharren isla garbia.
• Estatua klase-sexu-arraza-herri/nazio ezberdinen arteko konfliktu gunea da.
• Estatua ez da klase borrokaren expresio bat bakarrik: gizarte kapitalista aktiboki
defendatzen du tresna errepresibo zein ideologikoen bidez.
• Aparatu ideologiko eta errepresibo bezala, Estatuak gizarte dominatzailearen
ideologiaren, kulturaren eta praktiken aurrean eskolek (eta gizarteko beste
sektoreek) ematen dituzten erantzunak mugatu eta bideratzen ditu.
Estatua eta hezkuntza:
Estatuaren eta hezkuntzaren arteko erlazioa aztertzeko beharrezkoa da bi gauza
planteatzea: nola kontrolatzen du Estatuak hezkuntza bere funtzio ekonomiko, ideologiko eta
errepresiboak aurrera eramateko? eta nola funtzionatzen du eskolak Estatuaren eta klase
dominatzailearen interesak asetzea bultzatzeko, eta aldi berean kapitalaren logikari kontra
egin eta erresistitzeko?
Estatuaren aparatuaren parte bezala eskolek eta unibertsitateek paper garrantzitsua
jokatzen dute klase dominatzaileen interes ekonomikoen asetzean. Hainat teorikok diote
eskolak kapitalaren metatzerako baldintzak ezartzen aktiboki parte hartzen duela, eta
prozesu horretan Estatuak egiten dituen hainbat interbentzio aipatzen dituzte: besteak beste
Estatuaren bidez ezartzen diren zertifikatuak (adibidez selektibitatean baloratzen direnak)
bereziki zientzia naturaletatik ateratzen den arrazionalitate teknokratiko baterantz oso
inklinatuak daudela diote. Honen eraginak adibidez ezagutza maila altuen (zientzia “zailak”
deitzen ditugunak: fisika, kimika, mate...) eta baxuagoen (humanistikoak) artean egiten
dugun sailkapenean ikus daitezke. Estatuak ere eskolak presionatzen ditu ebaluaziorako
tresna bezala eraginkortasuna, aurreikuspena eta formula matematikoen logika erabil
ditzaten. Teoriko hauen arabera, estatuak hezkuntzan egiten duen interbentzioaren zentzua
ulertu behar da:
Estatua ikerketaren eta oinarrizko ezagutzak transmititzearen kosteaz arduratzen da.
Ondoren horren fruituak “sektore pribatuari” igortzen dizkio, behin hauek lukratibo bihurtu
direnean. Kapitalaren metaketarekiko Estatuak jokatzen duen papera argia da, ezagutza
tekniko-administratiboen produkzioa diruz laguntzen duen heinean. Estatuak hezkuntzan
(ekonomian bezala, adibidez) egiten dituen interbentzioak gero eta argiagoak dira. Horren
barne kokatu daitezke trebetasunetan oinarritzen den hezkuntza, sistema gerentzialak, gradu
ikasketak, espezializazioa, mugikortasuna, futurismoa (geroaren irudi imajinari bat
bultzatzea, horretako produktuak nola produzitu diseinatzeko), zientzian eta matematikan
oinarritutako ikasketa planei ematen dien babesa, Estatu mailako azterketak
(selektibitatea...)... Hauek guztiak Estatuak hezkuntzan egiten dituen interbentzioen adibide
dira, ezberdintasunen ekonomia baterako sujetuen eta ezagutzen produkzio ahalik eta
eraginkorrena bilatzen duena.
Estatuak ere ikasketa planen eta gelako harreman sozialen garapenean eragiten du,
eta lan merkaturako behar dituzten ezagutza eta gaitasunak neurri handiago edo txikiago
batean barneraraztearen arabera bere interbentzioaren arrakasta handiagoa edo txikiagoa
den neurtzen da. Are gehiago, halako ikasketa programen eta gizarteratze prozesuaren
azpian, eskolen beste oinarrizko funtzio bat dago: ikasleak lan indarretik kanpo mantentzea.
Hau ulertzeko, Dale-k zioena ekarriko dugu gogora:
“Eskolek gazteak kaletik kanpo mantentzen dituzte, eta urteko egun gehienetan zehar
gazteak kapital metaketarako beharrezkoa den kontestu soziala pitzatu dezaketen ekintzetan
aritzera konprometitu ezin izateaz arduratzen dira. Horren ordez, eskolek bilatzen dutena
kontestu hori mantentzearekin bateragarria den gizarteratzea (edo sozializaio prozesua) jaso
dezaten da.”
Honen adibide argia da gero eta gehiago bultzatzen ari den “full time” ikasle eredua,
zeinen bidez ikasleak bere denboraren ia osotasuna ikasketei dedikatzen dion, gainontzekoa
“denbora libre” bezala ikusi eta inolako lan intelektual edo konprometiturik egon beharrean
momentuko asetasuna ematen dion TB ikustea, ordenagailuan ibiltzea, kirolen bat egitea...
egiten duen.
Estatuak hezkuntzan duen interbentzioaren beste ezaugarri bat politika guraso eta
irakasleen kontroletik haratago egiten den moduan ikus daiteke. Politika horren interes
ekonomikoa ez da soilik agerikoenak diren kontrolaren arrazionalitatera, planak egitera eta
arauak errespeta daitezen burokraziak indartzera mugatzen: “emaitza negatiboak” deitzen
direnak lortzeko egituratua dagoela ere aipatu behar dira. Estatuak ume eta gazte asko “ez
kapaz” bezala definitzen ditu (ikasteko gaitasun motela, arazo terapeutikoak, disziplinarekin
arazoak...), eta horien “diagnostikoak” eta “tratamenduak” egin ditzaten irakasle berezientzat
fondoak eta babes legala bideratzen ditu. Kontu honek duen arazoa, printzipioz neutrala eta
erabilgarria dela dirudien arren, hezkuntzaren ezagutzaren zein gizarterako “beharrezkoak”
kontsideratzen diren pertsonen erreproduzioan duen paperaren inguruko eztabaida
ezkutatzeko balio duela aipatu behar da.
Kapaz ez izatearen zergatia gaztearen jarreran edo bere kulturengan bilatzen da, eta ez
pobrezian, eta jerarkia ekonomiko-kulturalen garapen historikoaren ondorioz sortutako
gatazka eta ezberdintasunengan.
Hezkuntza eta estatuaren inguruan ikertzen duten teorikoen kontu nagusienetako bat
boterearen eta ezagutzaren arteko harremana da: nola estatuak bere boterearen bidez “egia”
eta “ezagutza” konkretu bat inposatzen duen. Adibidez, Poulantzas-en arabera (“Green
paper”), Estatuak errealitatearen ulermenean eta ezagutza eskolarren produkzioan aditu
bezala aurkezten zaizkigun “intelektualak” entrenatu eta lejitimatzen ditu, eta hauek ezagutza
intelektuala eskulanetik (lan intelektuala/ eskulana) zein jendartearen kontsumotik (edo
erabileratik) bereizten dute, besteak beste. Profesionala izatearen eta abila edo azkarra
izatearen itxura honen atzean ideologia dominatzailearen ezaugarri oinarrizkoenetako bat
dago: jakitearen eta egin ahal izatearen arteko erlazioa.
Erlazio honen bidez masa popularrak erabakiak hartzen diren guneetatik urrun
mantentzeko (eta haiek errealitate hori onartu eta “ulertzeko”), masek barneratua izan behar
duten jarrera barnerarazten da. Adibidez, botereguneetan (ekonomiari buruz erabakitzen
duten agentziek, besteak beste), masa popularren ulermen ahalmenetik kanpo geratzen den
hizkuntza, arazoak planteatzeko eta hauei erantzuna emateko moduak... erabiltzen dituzte.
Horrela, adibidez krisiaren aurrean egin behar diren aldaketei, edo arazoa sortu duten
faktoreei buruz hitz egiterako orduan herritarren gehiengoarentzat ulergaitza den hizkuntza,
eta ulergaitzak diren neurriak hartzen dituzte, hauek horri buruz “dakitenen” esku
erabakitzeko ahalmen guztia utziz.
Jakitearen eta egin ahal izatearen arteko erlazio hau oraindik nabarmenagoa da
eskolek eta ebaluatzeko estatuaren zertifikatuek “adituei” ematen dieten estatus altuaren
eskolako ondorioetan: irakasleek ikasketa planak ikasleekin batera garatu, aldatu, edo
ezbaian jarri beharrean, kasu gehienetan erabaki hori “dakitenen” esku utzi, eta besterik
gabe ikasketa plana betetzen dute, ikasleei adituek esan duten moduan “irakatsi behar dena
eta irakatsi behar den bezala” irakatsiz. Eskoletan ere askoz gehiago baloratzen da ahalmen
intelektuala eskuzkoa baino (lan banaketaren harremanetan gertatzen den bezala), eta
ofizialak ez diren historia, kultura... askoz gutxiago baloratzen dira.
Argi dago, hezkuntzak menperakuntzaren logika transmititu baino askoz gehiago egiten
dute, eta hau ikus daiteke adibidez eskubide demokratikoen ideologiaren inguruan sortzen
diren kontraesanetan. Eskolek paper aktiboa jokatzen dute politika eta boterea hauteskunde
bidez eta eskubide demokratikoen inguruan definizen direnaren ideiaren legitimazioan.
Ideologia horrek alde batetik politikari eta demokraziari dagozkion kontuak esfera
ekonomikotik bereizteko balio du, modu horretan gatazkaren ideia bere klase kontestu
sozialetik eskubide indibidualen testuingurura desplazatzeko. Bestetik, demokraziaren
ideologia liberalean bada erresistentzia eta gatazka agerian mantentzeko oinarrietako bat
den hala-nolako kontra-logika bat, giza eskubideengatik kezkatzea askotan arrazionalitate
kapitalistarekin eta bere irabazien bilatze zoroa eta etika merkantilista itsuarekin
kontraesanean datorrelako.
Azkenik gogorarazi behar da Estatuak hezkuntzarengan egiten duen interbentzio
zuzenena legeen bidez egiten duela. Hala ere ez dugu hemen lege bidezkoa azalduko, baina
esan behar da askotan interbentzio mota honek eskoletan sortzen duen eraginak zerikusi
handiagoa duela errepresioaren logikarekin, menperakuntza ideologikoarekin baino.
Adibidez, eskolen oinarri politikoak batzutan epaitegietan erabakitzen dira, hezkuntzan
arraza integrazioa bultzatzearekin gertatu den bezala, edo dekretuz “educacion para la paz”
ezarri nahi duten modu berean. Horren beste adibide bat eskolara joatearen
derrigorrezkotasuna da, ikasleak eskolara joan daitezen zemento “legal” bezala
funtzionatzen duena. Hala ere eskolara joateko derrigortasun horrek ez dakar ikasleen
obedientzia berarekin batera, eta kasu batzutan, ikasleriaren erresistentziaren agerpenerako
faktore garrantzitsu bihurtzen da.
Beraz, estatuaren hegemoniaren bidezko erreprodukzioak ekarpen hauek egiten dizkigu
estatuaren eta hezkuntzaren funtzioei dagokienean:
• Arlo politikoan erreprodukzio sozial eta kulturalaren prozesuak nola gertatzen
diren ulertzeko balio digu.
• Estatuaren eta bere aparatuen (eskolak barne) autonomia erlatiboarengan,
Estatuaren izaera kontraesankorrarengan eta Estatuak hezkuntzarengan
ezartzen dituen presio ekonomiko, ideologiko eta errepresiboengan gure
atentzioa deitzen dute.
• Erreprodukzioaren azterketa orokorra egiten du, bereziki arazo estrukturalak
azalduz. Ondorioz, berezko dituen kontraesanak eta borroka guneak aztertzeko
baliagarria zaigu.
Erresistentzia
Askotan erreprodukzioari buruz hitz egitean oso garrantzitsua den gertaera ahaztu ohi
da: erresistentzia. Termino honek ikasleek, irakasleek... erreprodukzioaren aurrean hartu ohi
duten oposizio jarrerari egiten dio erreferentzia. Oposizio hau kontserbatzaileek burutzen
dutenen arazo psikologiko bezala ikusten dute, eskolarekiko “inadaptazio” eta zuzendu
beharrezko defektu bezala. Horrela, “arazoaren” aurrean portaera zuzentzeko neurriak,
“kontzentrazioa” altuagoa izatea lortzera bideratutakoak (hiperaktibitatearen aurkako pilulak
barne)... erabiltzen dituzte. Beste batzuentzat ordea, oposizio hau erreprodukzioaren aurrean
hezkuntzako kideek duten jarreraren adierazle da, eta indibiduoa kapitalaren logikaren eta
bere praktikaren aurrean nola egokitzen den, talka egiten duen eta erresistitzen den
erakusten du.
Erresistentziaren puntu aipagarrienak hauek dira:
• Erreprodukzio sozial eta kultural mekaniskoak inoiz ez dira osoak, inoiz ez dute bere
helburua %100ean lortzen, eta oposizioa aurkitu ohi dute. Ikasleen kantitate handi
batek ez du “ikasi, egin kasu, eta zure esfortzuaren errekonpentsa lortuko duzu”
pentsatzeko eran erabat sinesten. Ikasleak batzutan eskolen alderdi zapaltzaileenen
aurka altxatzen diren arren, modu jarraiean parte hartu ohi dute oposizio jarrera aktibo
bat izaten, kasu askotan klase subordinaziora eta bazterketa politikora eraman ohi
ditunena (adibidez, irakasleen aginduei uko egiten dietenak hezkuntza prozesutik
kanpo geratu ohi dira derrigorrezko hezkuntza amaitzerako, eta behe klaseen artean
kokatu ohi da, lortuko duen lanagatik, eta bertatik izango duen eragiteko botere
politikoa oso urria izango da). Modu berean oposizio jarreraren ondorio bezala
eskolari uko egiteak indibiduo horien askapenerako oso garrantzitsua izango zen
aukerari uko egitea dakar.
• Erresistentziarako oso garrantzitsua da hezkuntzako subjektuen (ikasleak...) produkzio
kulturala, euren pentsatzeko era kritikoa, mundua ikusteko era, lan egiteko modua,
hezkuntza ulertzeko modua... sortu eta garatzeko aukera dutelako. Produkzio hori,
ordea, normalean eskolako eremuan ez da ematen uzten (klase orduetan ez dira
hitzaldiak ia antolatzen uzten, eztabaidak...), eta bertatik kanpo oso aukera gutxi egon
ohi da hori garatzeko. Hala ere, hezkuntza beste era batean ulertu eta funtzio
erreproduktiboarekin amaitzeko ezinbestekoa da produkzio kultural honek eskoletan
tokia izatea. Hala ere, talde menperatuen produkzio kulturalari buruz hitz egitean
kontuan hartu behar da kultura dominatzaileak berean txertatu ohi dituela produkzio
hauek, talde menperatu hauek produkzio honen bidez sortu zitzazketeen
eraldaketarako aukera politikoak nabarmen gutxituz. Beraz, produkzio honek eskolan
bere tokia izateaz gain eraldaketarako duen indarraren jabe izan behar da, eta ez
dagoena garatzeko.
• Oposizio jarrera guztiak ez dira erresistentzia jarrerak, eta guztiak ez dira dominazioari
erantzuna. Oposizio jarrerak ez dira botere faltari egindako erreakzio soil batzuk,
botere expresio batzuk baizik. Hau da, oposizioa arrazionalitate kapitalistaren alderdi
okerrenen adierazpenak diren boterearen berenganatze eta expresioak izan daitezke.
Adibdez, ikasleek eskoletako arauak hauts ditzakete, baina horrek bere erroak
arrazismoa eta sexismoa bezalako hegemonia ideologikoan izan ahal dituzte. Kasu
horietan ideologia horren hegemonia eskolatik kanpo gertatuko litzateke, eta beraz,
oposizio jarrera horiek kritikak baino ideologia dominantearen espresioak izango
liratezke.
Horren adibide ohikoago bezala, DBH eta Batxilergoan hainbat neskek burutzen duten
euren sexualitatearen afirmazio erradikala har dezakegu. Kasu horretan badirudi
“garbitasuna, pasibitatea, sumisioa eta feminitatea” bultzatxen dituen sexualitatearen
ideologia ofizialari uko egiten diotela, makilajea erabiliz, arropa itsatsia erabiliz, adin
nagusiagoko mutilak nahiago izanez, eta orduak pasatuz euren mutilagunei buruz hitz
eginez. Hala ere, erresistentzia jarrera bat baino, zapalkuntza sexista mota baten
adierazle direla esan liteke, oinarrian ezkontza arrakastatsu bat lortzearen inguruan
egituratuta dauden praktika sozial multzo baten adibide direlako. Argi dago eurek
euren bizitza nolakoa izatea erabaki nahi izatearen atzean dagoen “askapen
momentua” existitzen dela, baina nolakoa izan erabakitzerako orduan logika
dominatzaileak askoz nabarmenago eragiten du haiengan haien “askapen gogoak”
baino.
Beraz, batzutan erresistentziaren arrazoiak klase, sexu, arraza edo nazio interesak
izan daitezke, baina beste batzuetan kultura dominatzailearen parte diren jarrerak izan
daitezke (aurretik aipatu bezala).
• Ikasleak ez dira kapitalaren produktuak, ez dira irakasleen eta beste autoritateen
esanetara beti egoten, lan anikilatzaile baterako prestatzen dituzten bitartean.
Kontraesan ideologiko eta estrukturalez (botere harremanak adibidez ikasle, irakasle
eta zuzendarien artean) betetako “konfliktu” guneak dira eskolak, eta ikasleok era
kolektiboan jasaten ditugu gune horren eraginak.
Hori dela eta, askotan erresistentzia horren parte diren oposizio jarrerak indibiduo
ezberdinen baitan errepikatzen dira: modu kolektiboan jasaten ditugunez, modu
kolektiboan erantzun ohi dugu (normalean elkarren artean separatuta eta antolatu
gabe egiten dugun arren).
• Erresistentzia ez da beti hain nabarmena, eta kasu askotan isilekoa izaten den
erresistentziak (ikasleak bere barnean gordetzen duenak) epe luzera eragin
nabarmena izan dezake, arrazoitua eta modu gradual batean zabaldua (eta ez bat-
batean, ageriko asko bezala) izan ahal delako. Ikasle hauek umorea klasea
astoratzeko erabil dezakete, presio kolektiboa erabili dezakete irakaslea
despistatzeko, eta irakaslearen aginduoak jarraitzeari utzi ahal diote indibidualismotik
ihes egiten duten espazio kolektiboak sortuz. Hauek denak erresistentzia jarrera izan
daitezke ideologia dominatzailea zalantzan jartzen badute. Hau da, eskoletan
zabalduena den ideologia dominatzaileari erantzun politiko bezala ulertu ahal badira,
kontziente edo inkontzienteak izanik, sistemari uko egiteko aukera bezala ikus
daitezke. Gainera ikasle hauek ez diote ezagutzak eta gaitasunak jasotzeko aukerari
uko egiten, eta beraz ez dute euren burua bat-batean erresistentzia nabarmenenak
burutzen dituztenen zapalkuntza ekonomiko baldintzak (eta horrek dakartzaten
askapenerako aukeren murrizketa nabarmena) izatera kondenatzen.
• Erresistentziak ere bere gunea du ikasleen izaeretan. Erreprodukzioak ikasleek
dituzten eta merkatuaren logikatik at dauden beharrak (psikologikoak, emozionalak,
fisikoak...) garatzea neurri handi batean ukatzen duen heinean, ikasleek hauek
garatzeko beharra sentitzen dute. Irakasle askok, ordea, “despistatzen” direla esaten
dute, eta arazoari disziplina, medikamenduak (hiperaktibitatea bezala)... bezalako
neurriak gomendatu eta ezartzen dituzte. Hala ere, ikasleek euren behar horiek
oposizio jarrera bezala hezkuntzan espresatzeak argi eta garbi erakusten du euren
interes eta behar ekonomiko, kultural eta politikoez gain hezkuntzak ez dituela euren
behar pertsonalak (fisikoak, emozionalak...) asetzen.
• Erreprodukzioa eragiten duen curriculum izkutua, kultura dominatzailea
erreproduzitzen duena, azpikultura eta kontrakulturekin lehian egoten da eskoletan,
eta noski, enfrentamendu hau botere harreman oso asimetrikoak dituen eremuan
gertatzen denez, klase dominatzaileak izaten dira irabazle ia beti. Hala ere, oso argi
izan behar dugu erresistentzia hor dagoela, eta hor egongo dela klase-sexu-arraza
bidez zapalduak izaten jarraitzen dugun bitartean.
• Azkenik aipatu beharrekoa da aurretik zenbatutako ezaugarri hauek erresistentzia
automatikoaren parte direla, hau da, automatikoki zapalkuntza egoeraren ondorioz
agertzen direnak direla, kolektiboki eta ikasleen artean. Baina modu berean
erresistentzia antolatua badago, eta ikasle mugimendua osatzen du. Azken honek,
behar pertsonalei erantzuteaz eta errebeldia jarrera indibidualak sortzeaz gain,
helburu kolektibo batzuk ezartzen ditu, eta horien alde lan egiten du.
Erreprodukzioaren gaia, eta bereziki erresistentziarena, eraldaketarako aukera ematen
duelako, eztabaidetan landuko ditugu, eta txostenaren bigarren zatian zehatzago idatziko
ditugu.
_______________________________________________________________hausnarketak
Zer iruditzen zaizu txostena? Ados al zaude irakurritako ideiekin? Gertatzen al da
erreprodukzioa gure ikastetxeetan? Nola? Ulertzen duzu hezkuntzaren bilakaera? Nolako
hezkuntza nahi zenuke? Klaseak nola eman beharko liratezke? Ze eduki jaso beharko
genituzke? Ikasleok zein eskubide izan beharko genuke?
Txostenaren bigarren zatia, praktikoa, galdera guzti hauei eta beste batzuei erantzunez
denon artean idatziko dugu, egingo dugun Gasteiz mailako ikastetxeen bigarren eztabaida
orokorraren ondoren, beraz, adi egon, hitza eman eta hitza hartu! Irauli, aldatu!
GORA IKASLERIA!!!