DOMUND 2018 “ALDA EZAZU MUNDUA” · Misiolari hilebetea gazteakaz bizitzeko dinosku Frantzisko...
Transcript of DOMUND 2018 “ALDA EZAZU MUNDUA” · Misiolari hilebetea gazteakaz bizitzeko dinosku Frantzisko...
DOMUND 2018
“ALDA EZAZU MUNDUA”
MISIOETARAKO ELIZBARRUTIKO ORDEZKARITZA Plaza Nueva, nº 4 – 2ª planta.
48005-BILBAO. Teléfono 94.401.36.99
E-MAIL: [email protected]
DOMUND 2018
“ALDATU EIZU MUNDUA”
Aurtengo goiburua, “ALDATU EIZU MUNDUA”, deia da, danok izan gaitezan
erreferente, konpromiso eta itxaripenari dagokionez. Misiolariak dira horren
adierazgarri eskaintzen deuskuen barritasun eta sormenagaz.
Misiolari hilebetea gazteakaz bizitzeko dinosku Frantzisko aita santuak eta
geure egiten dogu proposamen hori, “Kristok gure esku izten dauan misinora zabaltzen danean, kristau fedeak beti gazte irauten dauaneko ziurtasunetik”. Gazteengana joten dau, urrian Erroman ospatuko dan Sinodoa dala-eta: “fedearen argitan, Jesus Jaunak gazteoi esan gura deutsuena eta, zuon bitartez, kristau alkarteari esan gura deutsana hobeto ulertzeko aukera da”.
Kurso honetan, bide interesgarria dogu aurrez aurre: 2019ko urriko Misiolari
Hilebete Bereziaren prestaketa. Geure egiten dogu, oraingoan be, Aita Santuaren
proposamena: barritu daigula sormenez OMP deitutakoen izaera eta eragina,
misinoaren zerbitzura jarriz, “misiolari ikasleen bizitzaren santutasunak lehentasuna izan daian gure arduren artean”.
Eta bere nahiari erantzunez, Eleiza osoagaz bat ospatuko dogu misinoen
munduko egun hau. Misiolari hilebete hau eta 2019ko urrirako prestaketa “aukera barri lez hartu daigula, Jesusen eta bere misinoaren aldeko misiolari ikasle gero eta sutsuago izan gaitezan, han eta hemen, munduko azken mugaldeetaraino”.
Dei egiten deutsegu alkarte guztiei DOMUND egunaren inguruan antolatutako
misiolari lankidetzarako askotariko jardueretan parte hartu daien. Misiolari jarduerari
arpegia ipinten laguntzen deuskuen misiolariek euren lekukotasuna emongo dabe
alkarte, ikastetxe eta ikastoletan. Parrokiaren batek euren lekukotasuna jaso gura
badau, ordezkaritzagaz hartu-emonean jarri daitela.
DOMUND eguna ondo igaro! Aprobetxatu daigun hausnarketa eta jarduerarako
misiolari egun eta hilebete hau eta biztu daigun gure alkarteetan gure segurtasun
eta mugetatik atara eta beste kultura eta errealidade batzuetara zabaltzeko gogoa
eta bideari ekin deiogula Jesusen Barri Ona danei eroateko: “azken mugetarainoko misinoak lur honetan jarri gaituanak emon deuskun bokazinoan norbere burua emotea eskatzen dau” (ik. Lc 9, 23-25).
Eskerrik asko kanpaina honetan laguntzen dozuen guztioi!
Feli Martin
“ALDATU EIZU MUNDUA” DOMUND EGUNEKO KANPAINA. 2018
Bilboko Gotzaina Anai-arreba maiteok.
1. “Aldatu eizue mundua”, hor dago koska eta hortxe jokatzen dogu guztia!
Horixe da, hain zuzen, aurtengo DOMUND eguneko kanpainak proposatzen
dauan goiburua. Geure bihotzaren sakon-sakonetik sortzen jaku mundua
aldatzeko gogo bizia: Mundua, Jainkoaren bihotzaren arabera aldatu; mundua,
bizitzeko egoki, anaikor, gizatiar eta jainkotiar egin. Jainkoaren Semea gizon
egin eta gero, egiteko hau gauzatu daiteke. Gizatiarra jainkotiarraz jantzi da.
Danak hartu dau Jainko-sena. Eta Jainkoaren Semearen gizatasun santu honen
bidez heldu jaku Espirituaren doea, eta Maitasuna dan Persona honek
ahalbideratuko dau mundua sustraitik, sakon-sakonetik aldatzea.
2. Mundua aldatuko bada, bihotzak aldatu egin behar dau. Munduaren
eraldaketa barrutik kanpora gertatzen da, hau da, orea barrutik altxatzen eta
harrotzen dauan legamiaren edo bere barruan, zuhaitz mardul, gainean makina
bat bizidun hartzeko gauza izango dan zuhaitz, bihurtzeko ahalmena daroan
haziaren antzera. Espiritu Santuaren doeak geure bihotza aldatzen dau
lehenengo, haragizko bihotz, Jesusen Bihotzaren antzeko eginez. Gogortasun,
hoztasun eta iluntasuna, maitasun, berotasun eta argitasun bihurtuz. Bere
baitatik atararazoten dau, harrera egiteko, zerbitzatzeko, emoteko, aldatzeko.
3. Munduaren aldaketa, beraz, barrutik hasten da eta Jainkoak geure bateo-
egunean jarri eban geure barruan aldaketaren hazi hori, argiaren seme eta
alaba, Espiritu Santuaren gune, Kristo hil eta berbiztuaren erantsi, bizidunen
familia handiko, Eleizako kide, ikasle eta misiolari, sagaratu eta ordezkari
bihurtuz. Aldaketa miragarri horrezaz gainera, misino baten ardura emon jakun.
Kristau bizitzak ez dau misino bat, bera da misinoa. Misinoa ez da, dana itzi eta
Jainkoaren Berba bizia urruneko lurraldeetan ereitera bialdutako emakume eta
gizon miresgarri horreen esku itzitako zerbait bakarrik. Gutako bakotxaren esku
itzitako misinoa da. Beharbada, aurrera oso bizkor egiten dauan mundu
honetan, ez deutsagu sekula geure buruari geure misinoaz galdetu: zein dan
Jainkoak nire esku itzi dauan misinoa, zein dan Jainkoak emon deustan doea,
hau da, zein dan nire bizitzako bokazinoaren sen sakona eta zerk izan behar
dauan nire bizitzaren eragileak, non aurkituko dodan benetako poz, bake eta
itxaropena.
4. DOMUND eguna ospatzeak gelditu eta kontu honeen inguruan hausnartzeko
aukera emoten deusku, gure esku itzitako misinoaren alde alkarregaz otoitz
egiteko eta gure otoitz eta alkarlanaren bidez, munduko leku guztietan,
behartsuenen alde maitasunez eta eskuzabaltasunez ari diran hainbeste eta
hainbeste anai-arrebari laguntzeko.
5. Misinoan pentsatzea eta misinoaren eguna ospatzea, geure norberekoikeria
txikiak, gure egitasmo zapal eta itxiak gainditzea da, mundu zabalera jotzeko,
makina bat lagun dagoelako biziaren Hitzaren, itxaroteko arrazoiaren,
maitasunaren eta pobretasun espiritual, sozial eta materialetatik askatuko
dituan errukiaren zain. Hau da, Frantzisko Aita Santuaren esanetan, loturaren
pastoraltza suspertu beharra dago: gure bakardadetik atara, gure bizitzak
pozten eta handitzen dituan senidetasuna eta zerbitzua ezartzeko,
itxaropenezko zerumugarantz bideratuz.
6. Aurton, urrian, gazteei eskainitako Sinodoa be ospatuko da, hareen bokazinoa
eta misinoa beren-beregi aztertzeko asmoagaz. Eleizearen misinoak
ezinbestekoa dau barriztapen sakona, eta gazteei dei egiten jake, euren
sormenagaz, barritasunagaz, mundu zaharkituarentzako molde eta estilo
barriakaz, eginkizun honi ekin deioen, bizitzan santutasuna jadesteko eta euren
burua eskuzabaltasunez emoteko gogo biziz, hau da, gauza guztiak barri egiten
dituan eta Jainkoaren betiereko gaztetasunean iraunarazotea dakarkigun
Espiritu Santuaren doea onartuz.
7. Beharbada ez gara gazteei ideal handirik, konpromiso iraunkorrik aurkeztera
ausartzen. Batzuetan, misinoko eta zerbitzuzko esperientzia laburrak,
aukerakoak izan daitekez gure gazteek ideal handietan pentsatu eta Jainkoak
euren esku izten dauan misioaz jabetu daitezan. Frantzisko Aita Santuak egun
honetarako mezuan dinoskunez: “erakarriak eta bialduak izatea dira gure bihotzak, batez be adinez gazte garanean, etorkizuna agintzen dauan eta gure
bizitza aurrerantz bultzatzen dauan maitasunaren indar lez sentitzen dituan
mobimentu biak. Gazteek inork baino hobeto antzematen dabe zelan harritzen
eta erakarten dauan bizitzak. Erronka handia da norberak munduaren aurrean
dauan erantzukizuna pozez bizitzea”.
8. Esker onez eta sakontasunez bizi daigun Misinoen Munduko Domekea.
Mariak, atzerapen barik bideari ekin eta bere lehengusina Isabelegaz bat egitera
joan zanak, lagundu deigula geure baitatik ataraten, Jesus ezagutzen ez
dabenen, jakin barik be sutsuki itxaroten dabenen eta, misiolari bultzada barritu
eta pozgarrian, bizitza osoa argitzen dauan doe bikain lez behar dabenen bila
atara gaitezan.
Bihotz-bihotzez.
+ Mario Izeta Gabikagoxeaskoa
Bilboko Gotzaina
URRIAK 21 – URTEAN ZEHARREKO XXIX DOMEKEA DOMUND 2018 – “ALDATU EIZU MUNDUA”
SARRERAKO OHARRA Kristo berbiztuak danok batzen gaitu bere mahaiaren inguruan, baina aparteko arreta eta maitasunez
begiratzen deutse behartsu, apal eta nahigabetuei.
Gaur, Domund egunean, Misinoetarako Munduko egunean, “mundua aldatzeko” esaten jaku. Frantzisko Aita Santuak egun honetarako bialdu dauan mezuan zera dinosku: misinoa “Egia-egarriz dan hainbeste
jenteren kultura eta giza hazkundeari” laguntzen deutsen bihotz gazteei dagokie.
Ospakizun honetan gogoan doguzan misiolariek argi dabe euren misinoa: Mundua aldatzea, besteak beste, persona guztiek, Jainkoak bere seme eta alabentzat gura dauan duintasunaren araberako bizimodua
izan daien jardutea da, Jainkoaren Hitza eta Jesukristo Salbatzailea hots eginez. Mundu hau guztion etxe
izan daiten ezinbestekoak diran baliabideak bilatzea be eskatzen dau ebanjelizatzeak. Misiolariak ahalegin
horretan nekatu, gastatu egiten dira.
Zabaldu deioguzan gure bihotzak Jainkoari, misiolari-sena biztu daian gugan eta bateo egunean jaso
genduan Espirituak bultzatuta ausardiaz konprometitu gaitezan Barri Ona munduko leku guztietara
eroateko.
DAMU OTOITZA Jarri daigun uste osoa bere mahai inguruan batu gura gaituan Jainko Aita-Amarengan eta eskatu deiogun
parkamena.
• Nahiz eta gu nekatu, nekatu barik gure zain zagozana. Erruki, Jauna!
• Nahiz eta guk huts egin, nekatu barik maite gaituzuna. Kristo, erruki!
• Geure helburua lortu daigun, geure bila ataraten zarana. Erruki, Jauna!
Jaunak badaki buztinez eginda gagozana eta makalak garana; horregaitik, maitasunez parkatzen gaitu.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
IRAKURGAIAK: Is. 53, 10-11. Salmo 32. Hebrearrei 4, 14-16. Mc. 10, 35-45 HOMILIARAKO OHARRAK Bizia emon, mundua aldatu daiten. Jesusek, ebanjelioan, erabaki egin behar dogula dinosku: euren
botereagaz tiranizatu egiten daben ahaltsuen ondoan egon ala danen zerbitzura jarri asko salbatu daiten.
Eta bere bizimodua jarten dau eredutzat: Gizonaren Semea ez da zerbitzatua izatera etorri, zerbitzatzera
baino.
Misiolariak euren eskaintzagaitik, jatorritik urrun eta egoera gatxetan ebanjelizatzen aritzeagaitik miresten
doguz. Eurek argi daukie misinoa: Jainkoak bere seme eta alabentzat gura dauan duintasunaren araberako
bizimodua izan daien jardutea da, Jainkoaren Hitza eta Jesukristo Salbatzailea hots eginez. Mundu hau
guztion etxe izan daiten ezinbestekoak diran baliabideak bilatzea be eskatzen dau ebanjelizatzeak.
Misiolariak ahalegin horretan nekatu, gastatu egiten dira.
“Gazteakaz batera, danei eroango deutsegu Barri Ona”. Horren inguruan hausnartzen dihardue egunotan
gotzainek gazteei eskainitako Sinodoan eta horren inguruan hitz egiten dau Frantzisko Aita Santuak
Domund egunerako mezuan. Gaztek, bihotza biztuta, bizitzaren zentzua eta osotasuna aurkitu izana
adierazoten dabe eta holan, kutsatze erara, poztasunez hedatzen dabe fedea, itxaropen-egarri dan
munduan.
Munduak Jesus Belenen jaiotean aurkitu eban aldaketa. Jainkoa gizon egiten da Jesusengan, ume egiten
da Jesusengan, gizon eta emakumeok begirada garbia, zeinu samurrak eta itxaropenez betetako berbak
izan daiguzan, azken batean, munduak Jainkoaren maitasunezko egitasmoaren arabera aurrera egin daian.
“Ni egiteko —misio— bat naiz lurrean, eta horregatik nago mundu honetan” (EG 273). Danoi dagokigu
Eleizaren misiolari jarduna. Evangelii gaudium aholku-hitzak gogortu euskun eta, gaur, Domund egunean,
berresten dogu: “Misino bat naz… . argitzeko, bedeinkatzeko, biziarazteko, altxatzeko, sendatzeko,
askatzeko”.
Euren sorlekutik urrun Ebanjelioaren poza zabaltzen daben misiolariek aberastu egiten dabe gure
apostolutza eta eredugarri doguz eguen doako eskeintzagaitik.
Domund egunak… mundua aldatzen dau? Bai, Barri Ona eskuetan dala bizitako misinoak bildurra ausardia
bihurtzen daualako, iluntasuna argi, lotsa batasun eta, bide-ertzean botata dagoana altxaru egiten dau eta
duintasunez bizitzen laguntzen deutso. Horixe egiten dabe misiolariek.
OHARRA ESKAINTZEI Misinoen Munduko egunak eukaristia-ospakizunerako doeak –ogia eta ardaoa- eskaintzeko aukera emoten
deusku. Horreetan, geure burua be eskaintzen dogu, Jainkoaren maitasunaren benetako lekuko bihurtu
gaitezan. Aldi berean, DOMUND egun honetan batutako dirua be altarara daroagu eta horren bitartez geure
konpromisoa islatu gura dogu egun honetarako eta betirako, Jesukristoganako fedea misiolarien bitartez
mundu guztian zabaldu, sustraitu eta erakutsi daiten.
ORACIÓN DE LOS FIELES Jainkoak entzun egiten dau, Espiritu Santuak suspertuta, apaltasunez zuzentzen jakon otoitza. Horregaitik,
konfiantzaz beteta egingo dogu otoitz:
• Afrika, Amerika, Asia, Europa eta Ozeaniako lekuko Eleizak Eleizaren misino bakarrean bat eginik egin
daien aurrera eta Barri Ona iragarri deieen oraindik ezagutzen ez dabenei. Eskatu deiogun Jaunari.
• Gazteek bildur barik bilatu, aurkitu eta iragarri daien Jesus, eta anai-arreben zerbitzura jarduteko bideari
ekin deioen. Eskatu deiogun Jaunari.
• Zailtasunak zailtasun, misiolariek ez daien etsi eta mundua aldatzeko eta Jainkoagandik jasotako
maitasuna zabaltzeko ahaleginean iraun daien. Eskatu deiogun Jaunari.
• Gure kristau alkarteak eredugarri izan daitezan anai-arreben arteko hartu-emonetan eta bakotxak bere
doeak besteen zerbitzura jarri daizan, Jainkoak emondako guztia eskertuz. Eskatu deiogun Jaunari.
• Eukaristia ospazeko batu garan guztion alde, misino garala jabetuta, munduan Barri Ona zabaltzeko eta
gizarte zuzenago eta gizatiarragoa eraikitzeko gagozala sentitu daigun. Eskatu deiogun Jaunari.
Aita Ona, entzun gure otoitza. Ezagutzen dozu, nahiz eta adierazo ez, zer gordeten dogun gure bihotzean.
Hori ere altaran ipinten dogu. Onartu eizu. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
AGURRA
Domund eguneko Eukaristian parte hartzeak gure kristau izatea misiolari ikuspuntutik bizitzera garoaz.
Sentitu gaitezan misiolari, gur batez be, mundu osoan Barri Ona bizi bihurtzen ari diran gizon eta emakume
guztiakaz batera. Gure misiolari egitekoa ez daitela Domund eguneko oroitzapen huts izan; bat egin daigula
misiolariakaz eten barik otoitz eginez eta laguntza emonez.
ELEIZBARRUTIAREN DIRU-EKARPENA - OMP
Urtean zehar, misinoakaz lankidetzan jarduteko hainbat bide dago. Aita Santuak, bere aldetik, adiera
hau emon gura deutse Domund eguneko munduko kolekta guztiei: Misinoko lurralde guztiei eusteko izan
daitezala, katolikotasunaren, hau da, unibertsaltasunaren zeinu lez.
Aita Santuaren ardurapeko Misiolari Egintzek, OMP deitzen diranek, laguntzen banaketa zuzena bermatzen dabe, munduko Eleiza guztiek gutxieneko laguntasuna jaso daien.
OMP erakundeko Batzar Nagusiak, Aita Santuaren aginduz, beharrizanak zeintzuk diran ikusi eta
laguntzak banatzen ditu. Ekarpenen zati handiena Misinoko lurraldeetako ohiko beharrizanetara zuzentzen
da. Aparteko egitasmoak be babesten dira, ebanjelizazinoa eta giza sustapena aurrera eroateko.
Domund eguneko laguntzei esker, Eleizak munduko biztanleriaren erdiari, hain zuzen be Misinoko lurraldeetan bizi danari, eskaintzen deutso bere mezua. 11.263.397,81€ - 2017an bialdutako dirua 644 – Babestutako egitasmoak
44 – Herrialde onuradunak
Misinoetarako Eleizbarrutiko Ordezkaritzatik ESKERRAK emon gura deutsueguz urtean
zehar Aita Santuak Sustatutako Egintzetan erakusten dozuen eskuzabaltasunagaitik eta egiten
dozuen guztiagatik. Taldeek, parrokiek, kongregazinoek eta partikularrek egiten douzuezan
dohaintza eskuzabalen barri dogu eta laguntza horrek herrialde desbardinetan jarduten daben
misiolarien beharrizan materialei aurre egiteko balio dauala esan gura deutsuegu (ikusi
‘ILLUMINARE’ aldizkariaren 401. alearen azkeneko orrialdeak).
Gure eleizbarrutiko 300 misiolari inguruk jarduten dau 50 herrialde ingurutan, euren bizia
eta egitekoa beste alkarte batzuetan alkarbanatuz, Barri Ona iragarriz, Jaungoikoaren Erreinua
eraikiz. Misinoen jardunaldia dala-eta, eskerrak emon gura deutseguz euren misiolari
zerbitzuagaitik eta eskerrak emon gura deutsueguz diruz laguntzen deuskuzuenoi, hori
ezinbestekoa da-eta, misiolari egitekoak aurrera egin daian.
Mezu elektronikoz bialtzen dogu parrokia guztietara 2017an egin ziran kolekten bitartzen
izan zan diru-sarrera.
Banku-eta kutxa-zenbakiak gogoratzen deutsueguz, nahi edo ahal izan ezkero diru-sarrerak egin daizuezan. Sarrera horreek egiterakoan, ez ahaztu PARROKIAREN IZENA ETA
DOHAINTZA NONDIK EGITEN DAN jartea.
KUTXABANK-BBK....... 2095 0000 76 200002710-2
LABORAL KUTXA…..... 3035 0019 90 019000941-8
BBVA........…………… 0182 0086 41 001491556-5
BANCO POPULAR.…... 0075 0005 63 06012555-23
Misiolari guztien eta OMP erakundearen izenean, agur bero bat.
Felicitas Martín Fernández
Misinoetarako Eleizbarrutiko Ordezkaria