Alexandro Eta Zesar

Click here to load reader

  • date post

    11-Nov-2014
  • Category

    Documents

  • view

    81
  • download

    0

Embed Size (px)

Transcript of Alexandro Eta Zesar

KLASIKOAK, S.A. lukro-asmorik gabeko elkarteak argitaratu du obra hau, elkartearen sustatzaile eta partaideak honako erakunde hauek izanik: BBVA Fundazioa

Bilbao Bizkaia Kutxa BBK

Gipuzkoa Donostia Kutxa KUTXA

Caja VITAL Kutxa

Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU

Deustuko Unibertsitatea

ALEXANDRO ETA ZESAR

PLUTARKO

Alexandro eta Zesar

Jatorrizko izenburua: / Euskaratzailea: Jesus Maia Arrojeria Berrikuslea: Lorea Arrieta Zubillaga Hitzaurregilea: Jesus Maria Arrojeria

Lehen argitalpena: 2006ko abenduan

Itzulpenarena: Jesus Maria Arrojeria Klasikoak, 2000 Begoako Andra Mari, 16 48006 Bilbo Tel.: 94 416 14 89 / Fax: 94 416 63 48Erabat debekaturik dago, Copyright-titularren idatzizko baimenik gabe, legeek ezarritako zigorraren pean, zatika edo osorik obra hau birsortzea edozein bitartekoz edo prozeduraz, erreprografia eta trataera informatikoa barne direla, baita beronen aleak alokapen edo mailegutza publikoaren bidez banatzea ere.

ISBN: 84-96455-17-3 Lege gordailua: BI.-3283-06 Fotokonposaketa: L&A Diseinua. Begoako Andra Mari, 10 48006 Bilbo Inprimaketa: Gestingraf L. B. A. Ibarsusi Bidea, 3 48004 Bilbo Diseinua eta Maketa: A.I.C. Infante Don Juan Etorbidea, 26 20008 Donostia

HITZAURREA

PLUTARKO: BERE TESTUINGURUA.Kultura grekoaren historian, garai helenistikoaren ondoren garai inperiala etorri zen, alegia inperio erromatarraren garaia: K.a. 30. urtean erromatarrek Alexandria hartu zutenetik K.o. 529. urtean Justiniano enperadoreak Atenasko unibertsitatea itxi zuen arte. Garai honek bi ezaugarri nagusi ditu: alde batetik, garai klasikoko sorkuntza ahalmena agortuta zegoenez, eredu klasikoak imitatu egiten ziren ezer berririk sortu gabe, eta horren ondorioz estilo klasikoa errepikatzen duen erretorika hutsala erabili zen; beste alde batetik, ekialdetik ideia multzo berri bat heldu zen kristautasunarekin batera. Garai horrek oso epe luzea hartzen du (500 urte baino gehiago), eta aldaketa ugari gertatu ziren bere bilakaeraren barruan. Aldaketa nagusia Greziako lurraldeak garrantzia galtzea izan zen. Bai Atenas eta bai Esparta iluntasunean erori ziren, eta Greziaren zati handiak hustu egin ziren. Nahiz eta agintari erromatarrek nekazaritza literatura lanen bidez ideologikoki sustatu, hala ere nekazari askok beren lurrak utzi zituzten eta hirietara emigratu zuten (beraz, garai helenistikoan hasi zen joerak jarraitu zuen, eta hirietarako emigrazioa hazi egin zen). Garai hartako santutegi ugariren pobreziak garbi erakusten du beren inguruko herrien eskasia. Egipton, faraoi ptolomeotarren kudeaketa sistema hartu zuten erromatarrek, lurraldea beren probetxurako ustiatzeko. Kultura helenistikoak bizirik zirauen elite kulto baten barruan, baina 07 0

Alexandriaren garai distiratsuena iragana zen betiko, eta ordurako ezin zen aurkitu garai helenistikoaren aberastasun kulturalaren aztarnarik. Asia Txikiko hiri grekoak izan ziren kultura grekoaren zentroak garai erromatarrean. Zesar erromatarrek hiri horiek oinarritzat hartu zituzten lurralde horiek menderatzeko. Horretarako hiri horiei autonomia nahiko zabala utzi zieten, eta horrela garai klasikoko hirien askatasunaren itxura eman zieten. Baina agintari erromatarrek hurbiletik zaintzen zuten askatasun hori, eta beren nahia zerbaitetan betetzen ez bazen, berehala hartzen zuten parte eta matxinoak gogor zigortzen zituzten. Horrela, erromatarrek hiri grekoen autonomia errespetatu zuten, bai, baina hiri horien egitura ekonomikoa erabat aldatu zuten, eta ondorioz egitura soziala ere bai. Zenbait hirik lurralde zabala zuten beren inguruan, eta lurralde emankor horiei esker burgesia aberatsa sortu zen. Burgesia horrek hartu zuen bere gain hiri horien kudeaketa, baina baita bizitza kulturalaren sustapena ere, eta horrela kultura helenikoaren transmisioa gauzatu zuten. Baina giza antolaketa honek bazuen bere alde txarra: gutxiengo aberatsaren eta gehiengo txiroaren arteko aldea izugarria zen. Erromatarrek bultzatutako burgesia aberats hori oparotasun handian bizi zen, eta langileria eta burgesia txikia, aldiz, gabezia handian. Horrek matxinada bortitzak eragin zituen eskasia garaietan. Gainera, inperio erromatarrak exijitzen zituen zergen ordainketa karga astuna zen burgesia aberats horrentzat, eta zerga horiek ordaintzeko dirua lortzea lan zaila zen, eta biztanlego txiroa estutu behar izaten zuen. Zergak ordaintzeko arazo horiek, azken batean, gizarte haren egitura ekonomikoa hausteko arriskuan jartzen zuten. Enperadore erromatarrek oso jarrera aldakorra izan zuten Greziarekiko, eta horrek eragin handia izan zuen Greziaren egoeran. Adriano enperadorea kultura grekoaren miresle handia zen eta lehentasunezko tokia itzuli zion inperioaren barruan. Enperadore Antoninoen garaian (K.o. 138.-180. urteen artean) kultura grekoaren loraldi nagusia gertatu zen. Baina III. mendean egoera erabat okertu zen. Izurriteek eta jakien eskasiek matxinadak eragin zituzten; horrezaz gain, barbaroen erasoek defentsarako gastuen igoera ekarri zuten. Faktore horien guztien ondorioa ongizatearen erabateko hondamendia izan zen, eta horrekin batera bizitza kulturala ere erabat 08 0

desagertu zen. Konstantinok IV. mendearen hasieran kristautasunari lehentasuna eman zionean, kultura greko klasikoa bukatu zen betiko, eta garai bizantinoa hasi zen.

PLUTARKOREN BIZITZA:Plutarko garai hartako idazle esanguratsuenetako bat izan zen, eta, batez ere, ezagunenetakoa. Bere biografiek garrantzi izugarria izan zuten ondorengo historiagintzan eta eredu moraltzat hartuak izan ziren. Plutarkok pertsonaia historiko ugariren biografiak idatzi zituen, bai, baina inork ez zuen beraren biografia idatzi. Horregatik, ez daukagu berari buruzko informazio asko. Baina beraren lanetatik (batez ere beraren lan moraletatik, baina baita beraren Bizitza paraleloetatik ere) beraren bizitzaren inguruko zenbait datu atera ditzakegu, lan horietan maiz bere familia eta lagunei buruz hitz egiten duelako, eta baita bere bidaiei buruz eta bere bizitzan zehar bete zituen karguei buruz ere. Datu hauek zehaztasun kronologikorik gabe ematen dizkigu, baina hala ere bere bizitzako irudi orokor bat hartzeko aukera ematen digute. Delfosen aurkitutako idazkun batzuek ere aukera ematen digute Plutarkoren azken urteetako jarduera ezagutzeko. Plutarko Grezian jaio zen, gutxi gorabehera K.o. 46. urtean, Klaudio enperadorearen garaian, Beozia izeneko lurraldeko Keronea hiri txikian. Hiri hori Parnaso menditik eta Fozide lurraldearen mugatik hurbil zegoen. Familia aberats eta handi batekoa zen. Bere familia aspalditik zen ezaguna Keroneako hirian bere arbaso itzaltsuengatik. Bere aitona Lamprias kultura handiko gizona izan zen eta bere aita Autobulo filosofian aditua. Arbaso hauen eredu onak eta familia burges horren giro erosoak eragin handia izan zuten Plutarkoren heziketa moralean, eta, zalantzarik gabe, horren ondorioz bertutea eta ontasuna asko maite zituen, bere lanetan argi eta garbi gelditzen den bezala. Maitasun horren ondorioa da berak filosofia hain maite izatea eta filosofiaren ikasketan hain zaletasun handiarekin jardutea. Horregatik ere gustuko zituen ikasteko gogoa zuten gazteak, bere elkarrizketetan ageri den bezala. Bere ikasteko grina asetzeko, hogei urte inguru zituenean Atenasera joan zen. Atenas garai hartako hiri intelektualena zen, eta 09 0

inperio osoko gazteak biltzen ziren han, hiri unbertsitarioa bihurtuta baitzegoen. Izan ere, han biltzen ziren garaiko irakasle entzutetsuenak, eta bizirik zirauen tradizio filosofiko grekoak, Atenasen baitzeuden teoria filosofiko desberdinen zenbait eskolak. Plutarkok, bere garaiko gazte gehienek bezala, erretorika ikasiko zuen segur aski, baina ez zitzaizkion gogoko hitzaren eta estiloaren inguruko fintasunak. Bere izaera filosofikoak gehiago maite zituen errealitatearen inguruko ikerketak eta egia bera bilatzea, egia hitzen bidez desitxuratzea baino. Horregatik matematika ikasi zuen eta fisika ere bai; baita natur zientziak eta medikuntza ere, eta bere lanetan bada jakintza horien aztarnarik. Baina filosofia da gehien erakartzen zuena, jakintza guztien antolatzaile baita, eta jakintza nagusia ere bai, gai garrantzitsuenak filosofiak ikertzen eta lantzen baititu. Plutarko Platonen teorien jarraitzaile porrokatua izan zen, eta Platonen irakaspenak gidaritzat hartu zituen bere bizitza osoan, eta gizakiaren eta munduaren bere ikuspegiaren oinarria izan ziren. Ammonios filosofo platonikoa izan zen bere irakaslea filosofia platonikoan. Plutarkok bere irakasle izan zen filosofo hau maiz aurkezten du bere elkarrizketetan, Platonek Sokrates bere irakaslea bere elkarrizketetan aurkeztu zuen modu berberean. Plutarkoren jarrera filosofikoa platonikoa izan zen, eta epikurearren eta estoikoen aurkaria izan zen, ezin baitzituen onartu eskola filosofiko horien ez jainkotasunaren kontzeptua, ez morala. Baina bere platonismoa ez zen itxia, eta neopitagorismoaren eta aristotelismoaren zenbait ideia onartzen zituen. Garai horren ondoren, beste zenbait aldiz joan zen Atenasera segur aski, eta Atenasen ez zegoenean faltan zituen hango bizitza intelektuala eta liburuak. Atenasekiko bere maitasunak saria jaso zuen, Atenasko hiritarra izendatu baitzuten eta Leontisko tribuan inskribatu baitzuten. Oraindik gazte zela, Alexandriara joan zen bere heziketa unbertsitarioa osatzeko, hiri hori orduko zentro intelektualetako bat baitzen, hango liburutegiaren inguruan bildutako jakintsuei esker. Bere ikasketa hauen ondorioz eta familia onekoa zelako, gaztetatik jaso zituen bere herrikideen oniritzia eta zenbait lan garrantzitsu egiteko enkargua. Adibidez, prokonsul erromatarraren aurrean lan bat egin behar izan zuen, eta Keronea hiriko eta beste zenbait hiri grekoko afera batzuk konpontzera Erromara joan behar 010 0

izan zuen. Vespasiano enperadorearen agintearen amaieraren aldean (69-79) Italiarako bidaia egin zuenerako, Plutarkok ikasketak burutuak zituen eta b